Glovok Iruñerriko langileen baldintzak hobetuko ditu

Kaleratutako langileak berriro hartzea, soldata atzeratuak ordaintzea eta gaixo baimenak ongi ordaintzea hitzartu du langile batzordearekin.

CCOOko eta Glovoko langile batzordeko kideak, joan den astean. CCOO
CCOOko eta Glovoko langile batzordeko kideak, joan den astean. CCOO
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 27a
15:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba egingo zutelako mehatxuak funtzionatu egin du Iruñerriko Glovon. Asteburuan hiru lanuzte egitera deituta zeuden Glovok Nafarroako hiriburuan eta inguruko herrietan dituen laurehun janari banatzaileak, baina ostiralean baizik ez zuten lana utzi behar izan, enpresak akordioa egin baitu langile batzordearekin. CCOOk azaldu duenez, haren bitartez «konpainiaren gehiegikeria gehienak» zuzentzea lortu dute. Besteak beste, konpainiak atzeratutako soldatak ordainduko ditu, gaixo baimenak «modu zuzen batean» ordaintzeko konpromisoa hartu du, eta berriro hartuko ditu «kaleratze bidegabeetan» botatako langileak.

Iruñerrikoa da Glovok Hego Euskal Herrian eratutako lehen langile batzordea —eta bakarra ere bai, oraingoz— enpresa horrek legeari men egin eta onartu zuenetik autonomo faltsuen bitartez funtzionatu beharrean soldatapeko langileen bitartez aritzea. Irailean egin zituzten lehen hauteskunde sindikalak, eta CCOOk irabazi zituen, nagusitasunez irabazi ere, bederatzi ordezkarietatik zortzi lortuta —bestea ELAkoa da—. 

CCOOren Iruñeko egoitzan egindako agerraldian, sindikatu horretako Herritarrentzako Zerbitzuen Federazioko buruak, Lucia Sesmak, esan du «prozesu gogorra» izan dela, baina hala ere lortu dutela «enpresa handi bat makurraraztea». Edonola ere, azaldu du adi egongo direla egiaztatzeko enpresak hitzartutakoa betetzen duela, eta saiatuko direla Iruñean lotutakoa Glovoren beste ataletara eramaten. Gainera, berretsi egin du lan egingo dutela hitzarmena aldatzeko, gaur egun Espainiako 2006ko mezularitzako ituna aplikatzen diete eta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.