Iruñeko Glovoko langileek lanuzteak egingo dituzte asteburuan

Salatu dute soldatapeko langileak bilakatu arren lan baldintza prekarioak dituztela oraindik, eta enpresak abusuzko jokabideak dituela. Iruñekoa da Hego Euskal Herrian eratu duten lehen langile batzordea.

CCOOko eta Glovoko langile batzordeko ordezkariak, gaur, Iruñean. CCOO
CCOOko eta Glovoko langile batzordeko ordezkariak, gaur, Iruñean. CCOO
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 22a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan baldintza duinak aldarrikatzeko borrokari ekingo diote Iruñeko Glovoko rider-ek. Hasteko, asteburu honetan lanuzteak egingo dituzte lan gehien izaten duten orduetan: ostiralean 19:00etatik 23:00etara, larunbatean 20:00etatik gauerdira arte, eta igandean 12:00etatik 15:00etara. Egun horietarako, gainera, asanbladak eta kontzentrazioak antolatu dituzte, «langileak batzeko eta lan baldintzak hobetzeko ideiak emateko elkarri». 

Glovoko langile batzorde eratu berriak CCOOren egoitzan egin du agerraldia gaur. Zehazki, enpresari exijitu diote soldatak «zuzen» ordaintzeko, lan hitzarmen eguneratu bat aplikatzeko —oraingoa iraungita dago 2006. urtetik—, eta lansariaren osagarriak pagatzeko. Laburbilduz, SMItik gorako soldatak ordaintzeko eskatu diote.

«Indartsu gaude kalean, lantaldea seguru dago, eta ez gara geldituko enpresak gure aldarrikapenei men egin arte»

PABLO DIAZ Iruñeko Glovoko langile batzordeko presidentea

Horrez gain, salatu dute Glovok abusuzko jarrerak izaten dituela, eta zigor bidegabeak jartzen eta kaleratze arbitrarioak egiten dituela. «Gainera, ez du errespetatzen atsedenerako dugun eskubidea». Horregatik, enpresak langileen aldarrikapenei entzungor egiten badie hurrengo ekintzak «intentsitate handiagokoak» izango direla jakinarazi dute. Asanbladetan mahai gainean jarriko dute grebari ekiteko aukera.

Uztailaren hasieratik, Glovok ez du autonomo faltsuen bidez funtzionatzen Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta, ondorioz, rider-ak soldatapeko langileak dira. Horrek antolatzeko bidea eman die, eta Nafarroan hauteskunde sindikalak egin zituzten irailean. CCOOk eskuratu zituen bederatzi ordezkarietatik zortzi.

Kontratatuta bai, hobeto ez

Enpresak banatzaileak kontratatu izanak, ordea, ez du esan nahi lan baldintzek hobera egin dutenik. Hasteko, oraindik badirelako kontratatuta bai baina Gizarte Segurantzan altan eman gabe dauden langileak. Hala azaldu du Pablo Diazek, langile batzordeko presidenteak: «Baditugu kide batzuk zer kontratu duten jakin gabe lanean dabiltzanak».

Enpresaren bidegabekeria gehiagoren berri ere eman du: hilaren bukaeran dagokien baino gutxiago ordaintzen die langileei, ez dizkie aitortzen edo ordaintzen laneko bajak, 11 ordurainoko lanaldiak ezartzen dizkie tartean 15 minutuko atsedenik gabe...

(ID_15209323) Glovo
Glovoko langileen eskubide sindikalen aldeko protesta Iruñean, abuztuan. JESUS DIGES / EFE

Lan itunaren aplikazioa ere kritikatu du. «Ez gaude ados 2006. urteko lan hitzarmen bat izatearekin, baina kontua da enpresak hori ere ez duela errespetatzen». Xehatu egin du azalpena: «Ez dituzte kontatzen egiten ditugun kilometroak, eta hori beharrezkoa da soldatak kalkulatzeko».

Rider-ek ibilgailu propioekin banatzen segitzen dute, eta hori konpontzea funtsezkoa dela esplikatu du: «Enpresaren ibilgailuak bagenitu, arriskugarritasun gehigarri bat jasoko genuke, eta, horri esker, SMIa baino gehiago poltsikoratu ahalko genuke». Bidezkoa dela uste du, kalean lan egiten dutelako motorrekin, bizikletekin eta monopatin elektrikoekin, baita euritan ere, baldintza arriskutsuetan, «eta gaur egun langileei ez zaie aitortzen hori».

Amaitzeko, argi utzi du amaierara arte egingo dutela borroka euren eskariak defendatzeko: «Indartsu gaude kalean, lantaldea seguru dago, eta ez gara geldituko».

Lehen langile batzordea

CCOOren izenean, Lucia Sesmak hitz egin du. Kontatu du «borroka basatia» izan dela langile batzordea eratzeko prozesua, enpresak «inpugnatu, boikotatu eta auzitara eraman baitu eman dugun pauso bakoitza».

Orain, lanuzteak iragartzeari esker, Glovo eurekin harremanetan jartzea lortu dute, eta gaur arratsaldean dute bilera bat. Sesmak uste du enpresaren helburu bakarra lanuzteak eragoztea dela, baina argi utzi du ez duela lortuko: «Haiekin eseriko gara, ikusiko dugu zer nahi duten, eta ea behingoz lortzen dugun negoziazio bati ekitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.