Glovoko langileentzat egun historiko bat izan behar zuenak aste batzuk itxaron beharko ditu. Nafarroan enpresa horrek dituen langileeen erroldari buruzko desadostasunek aste batzuz atzeratu dute janari banaketako enpresa horretan lehen aldiz egin behar ziren hauteskundeak.
Sindikatuen eta langileen salaketei erantzunez, Glovok bere aurkako epai mordoa batu ditu azken urteetan. Guztiek gauza bera esaten zuten: rider edo janari banatzaileek ezin zuten langile autonomo izan, enpresa bakar batentzat ari zirelako lanean; kasu honetan, Glovorentzat. Espainiako Gobernuak ere esku hartu zuen auzian, eta banatzaileak kontratatzera behartzen zituen legea egin zuen. Gogo txarrez bada ere, bere aurkako auziak ez ezik, 267 milioi euroren isunak ere pilatu zituela ikusita, Glovok amore eman zuen iazko abenduan, eta bere langileak kontratatzea onartu zuen.
Soldatapekoak diren aldetik, langile batzordeak sortzea eta haien bidez beren lan eskubideak defenditzea erabaki zuten lehenak izan dira Glovoren Nafarroako langileak. Gaur zuten batzorde hori osatzeko hauteskunde eguna, baina CCOOk azaldu duenez, «beste sindikatu batek» —UGTk— egindako eskaera aintzat hartu du epaileak, eta aldi baterako eten du hauteskunde prozesua. Glovok Nafarroan zehazki zenbat langile dituen argitu beharko dute lehenik.
CCOOko ordezkariak Iruñeko San Frantzisko plazan bildu dira atzerapena salatzeko. Pablo Diaz CCOOren zerrendako lehenengoak ziurtatu du Glovoko langileek «kolpe emozional» bat hartu dutela, baina ziurtatu du ez dutela etsiko eta hauteskundeak antolatzeko lanean jarraituko dutela. Azaldu duenez, errolda berri bat egin beharko da hauteskundeak egin ahal izateko, baina, informazio hori lortzeko, Glovok kontratatutako langileen zerrenda berritu beharko du, eta ez du uste hori egiteko asmoa duenik.
Epailearen ebazpena hauteskundeen bezperan jaso izana deitoratu du CCOOk, eta azaldu du ziur aski astelehenean bilduko dela hauteskunde mahaia, posta bidez jasotako «dozenaka» botoekin zer egin erabakitzeko.
Prozesua atzeratu izana berri txarra da CCOOren iritziz, «sistemaren bidegabekeriak gehien pairatzen dituzten langileei ahotsa emateak» ziur aski hilabete bat itxaron beharko duelako.