Greba orokorrean lantegi eta ikastetxe guztiak husteko deia egin dute UGTk eta CCOOk

Etxebizitza «oinarrizko eskubidea» dela aldarrikatuko dute. Bilbon, Donostian eta Gasteizen mobilizazio bana antolatu dute, beste sindikatuek antolatutakoak baino lehenago.

Ezkerrean Santi Martinez, eta eskuinean, mikrofono aurrean, Tximi Lopez. UGT
Ezkerrean Santi Martinez, eta eskuinean, mikrofono aurrean, Tximi Lopez. UGT
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 2a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren eguna ezarrita, eragile sozial eta politikoak beren aldarrikapenak eta deialdiak egiten ari dira gutxinaka; gaur, UGT eta CCOO sindikatuek manifestu bateratua aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta mobilizazioak ere iragarri dituzte, hiru lurraldeetako hiriburuetan. Lurraldeak «geratzeko» deia egin dute, eta horretarako lan eta ikaszentro guztiak husteko eskatu dute.

Bi sindikatuen EAEko buruek eman dute grebarako aliantzaren berri, UGTko Tximi Lopezek eta CCOOko Santi Martinezek, eta iritzi diote positiboa dela haiek egindako greba proposamenera batu izana gainontzeko sindikatuak, eragile sozialak eta politikoak. Izan ere, ez zegoen garbi Euskal Herriko greba deialdiak Espainiakoaren egun berean izango ziren edo ez, baina azkenean sindikatu guztiek erabaki dute egun berean deitzea grebara. «Euskal gizarteak ez luke ulertuko bi deialdi egotea eskubide horren oinarrizko bat aldarrikatzeko», esan du Lopezek.

Hala ere, mobilizazio propioak antolatu dituzte bi sindikatuek: Bilbon eta Gasteizen 11:30ean izango dira, Euskadi plazatik abiatuta Bilbokoa eta Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzatik Gasteizkoa. Donostiakoa, berriz, 12:00etan izango da, Alderdi Ederretik hasita.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek beste mobilizazio batzuk dituzte antolatuak, beranduxeagorako: 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran (Nafarroa). Ordu erdi lehenago izango dira mobilizazioak Gasteizen eta Eibarren (Gipuzkoa), 12:00etan. Hori bai, UGTk eta CCOOk deia egin dute «maizterren elkarteek eta mugimendu sozialek» azaroaren 11ko arratsalderako deituak dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.

Etxebizitza, «oinarrizko eskubide»

Etxebizitza «oinarrizko eskubidea» dela aldarrikatuko dute bi sindikatuek greba orokorraren egunean. Alokairuei dagokienez, gogorarazi dute pertsona eta familia askok diru sarreren erdiak edo gehiago bideratzen dituztela alokairua ordaintzera. Hori dela eta, etxebizitza merkatuan neurriak hartzeaz gain, esan dute soldatak hobetu behar direla, gaur egun «lan bat izateak ez du-eta bermatzen hilabete amaierara iristea».

Orain gutxi, Cebek Bizkaiko patronalak esan zuen azaroaren 11ko greba orokorra «greba politiko» bat dela; adierazpen horien aurrean, UGTk eta CCOOk aldarrikatu dute baietz, greba politiko bat dela: «Noski, greba politiko bat da. Lehenbizi, erabaki politikoek egiten dituztelako etxebizitzari buruzko legeak eta bankuei eta multinazionalei ezarri behar zaizkien zergak zehazten dituztenak. Bigarrena, pertsonala politikoa delako. Eta hirugarrena, ultraeskuinaren mehatxuaren aurrean oinarrizko lorpenak defendatu behar ditugulako, pentsioak eta gutxieneko soldata, esaterako».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA