Hilean 37 euro gehiago izango dituzte gutxieneko soldata eskuratzen duten Hego Euskal Herriko langileek. SMI Espainiako gutxieneko soldata iazkoa baino %3,1 handiagoa izango da, eta lanaldi osoan dagoenak 1.221 euro gordin jasoko ditu hilean, hamalau ordainsaritan banatuta. Urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da igoera eta, hortaz, langileek atzerapenak jasoko dituzte otsaileko soldatarekin batera.
Urtarrilaren amaieraz geroztik jakinak ziren kopuruak, baina gaur egin dituzte ofizial, Espainiako Lan Ministerioaren egoitza nagusian, Madrilen. Han izan dira Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTkoa, hitzartutakoa izenpetzen Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroarekin.
Diazek nabarmendu egin du azken urteetan SMIa 736 eurotik 1.221 eurora handitu dela, baina aitortu du Espainian soldatak oraindik Europako Batasuneko batezbestekoak baino %25 txikiagoak direla. Horregatik, soldatak igotzeko eskatu die enpresaburuei. «Pentsatzen dut horretan ere patronalek europarrak izan nahiko dutela», gehitu du.
Espero da gaur sinatutakoa bihar iristea ministroen kontseilura, eta han dekretu gisa sartzea indarrean. Ondoren, Kongresuak hilabeteko epea izango du dekretu hori berresteko edo atzera botatzeko.
%66Zenbat handitu den SMIa Sanchezen agintaldian. PSOEk Podemosekin lehenik eta Sumarrekin ondoren koalizio gobernua osatu zuenetik nabarmen handitu da Espainiako gutxieneko soldata. Gobernua hartu zutenean, 736 euroan zegoen, eta 900era handitu zuten 2019an, eta 950era 2020an.
Gutxieneko soldataren gaineko eskumena Espainiako Gobernuarena da, baina azken urteetan, Pedro Sanchez presidente eta Diaz ministro direla, Lan Ministerioak CCOOrekin eta UGTrekin akordioa egin du. CEOE patronalak ez du bat egin, haren iritziz, gutxieneko soldata igotzeak lehiakortasuna txikitu eta enpresa asko zailtasunetan jartzen dituelako.
Ildo horretan, gaur izenpetutako ituna kritikatu du Jose Luis Alvarez Almeida Hosteleria de España ostalaritzako patronaleko buruak. «Betiko akatsera itzuli gara. Ostalaritzako soldatak beti geure hitzarmenetan zehaztu izan ditugu, sindikatuek, langileek eta enpresaburuek beren lurralderako onena lortzen saiatzen diren lekuan», esan du, eta kritikatu egin du soldatak «kanpoko batek» erabakitzea.