Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat arropa denda handik ezin izan dituzte ateak ireki gaur, ELA sindikatuak deitutako greba dela eta. 2022. urtearen amaieran, ARTE patronala sortu zuten hainbat enpresa multinazionalek: Inditex taldekoek, H&Mk, Primarkek eta Uniqlok besteak beste. Patronal horrek Espainiako hitzarmen zentralizatu bat nahi du arropa denden sektorean, eta hori dela-eta deitu du grebara gaur ELAk.
Sindikatuaren arabera, Araban izan du arrakastarik handiena greba deiladiak. Oysho, Bershka, Zara Home, Intimissimi, Woman's Secret, Mayoral, Tezenis, Cortf, Spf eta Pepe Jeans enpresen hainbat denda ezin izan dituzte ireki lurralde horretan. Gipuzkoan, Pepe Jeans, Parfois, Tramas, Mayoral, Txingudiko eta Garberako H&M, Massimo Dutti eta Woman's Secret dendek arazoak izan dituzte irekitzeko, eta Bizkaian, berriz, Decimas, Ikks, Alvaro Moreno eta Oyshok.
Ikusi gehiago: Madrilera eraman nahi dute arropa denden sektoreko ituna
ARTE patronalak gaur egin du enpresen eta sindikatuen arteko bilera, eta horren aurretik ELA, OSTA eta Galiziako CIG sindikatuek elkarretaratzea egin dute, itunaren zentralizazio horri aurre egiteko.
Gatazkaren muina
Espainian ez dago arropagintzaren sektoreko hitzarmenik, eta lurralde gutxi batzuetan dute sektoreko ituna. Hitzarmenik ez duten lurraldeetan, Murtzian esaterako, gutxieneko soldata irabazten dute sektoreko langileek. Azkenaldian, hainbat lan gatazka izan ditu Inditex taldeak, bai Galizian eta baita Madrilen ere, eta, hori dela eta, enpresako hitzarmen bat sinatu zuen Espainiako Estatu guztirako. Itun hori dela eta, konpetentziako enpresek baino kostu handiagoak ditu Inditexek, eta horregatik ari da bultzatzen Espainiako sektoreko hitzarmen bat, ELAren ustez.
Hego Euskal Herrian, baina, egoera ezberdina da, lurralde bakoitzean sektoreko hitzarmen propioak baitaude. ELAren ustez, ARTE patronalak proposatzen duen ituna baino hobeak dira Hego Euskal Herriko hitzarmenak, eta horregatik egin dute protesta.
Protesta eta greba egin duten sindikatuek nahi dute lehentasuna izatea Madrilen zentralizatutako itun horren baldintzak baino hobeak dituzten hitzarmenek.