Haizearen indarrarekin dabil

Armintzako Demosath haize errota flotatzailea argindarra ekoizten ari da jada. Prototipoak plataformaren funtzionamenduari eta ingurumenean duen eraginari buruzko datuak bilduko ditu bi urtez

Armintzako kostaldetik bi miliara dago itsasoko haize errota, eta 70 metro garai da. BERRIA.
aitor biain
2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bizkaiko itsasoan ainguratuta dagoen lehen haize errota flotatzailea hasia da argindarra ekoizten. Iragan abuztuan itsasoratu zuten Demosath haize errota, Armintzako (Bizkaia) kostaldetik bi miliara, eta, atzotik, haren turbina haizearen indarrarekin mugitzen ari da. Proiektuak beste mugarri bat ezarri du hala, arduradunek azaldu dutenez.

«Energia sortzen hastea proiektuaren une gorena da», azaldu zuen David Carrascosa Saitec Offshore Technologies enpresaren zuzendari nagusiak, atzo Bermeon (Bizkaia) egindako ekitaldian. Eta zera erantsi zuen: «Honek balioko digu benetako esperientzian oinarritutako ezagutza eskuratzeko eta etorkizuneko proiektuetan eskala handiagoan aplikatzeko».

Izan ere, prototipo bat da, eta itsasoko haize erroten teknologiari buruz gehiago jakiteko balioko du. Proiektuaren arduradunak bi urtez ariko dira datu horiek guztiak biltzen eta ikertzen. Espero dute informazio hori baliagarria izatea 2026an haize errota gehiago jartzeko, besteak beste. Baita sorgailuak itsasoko ekosisteman izan dezakeen eragina neurtzeko ere, tresna espezializatuak baititu horretarako.

Oraingo prototipoa ia 70 metro garai da, eta olatuen indarrari eusteko gai den plataforma baten gainean dago. Plataforma hori itsas hondoan finkatzen aritu dira azken asteetan, hain zuzen ere, eta haize errota kable bidez sare elektrikora lotzen. Oraingoz, argindar gutxi sortzeko gai da: bi megawatt, hau da, bi mila etxek urtebetean kontsumitzen duten adina.

Hurrengoak handiagoak izatea espero dute hala ere, zeren hamabost megawatt argindar sortzeko gai diren hiru errota jartzea baitu xede enpresak, hau da, 15.000 etxerentzako beste. Haize errota horiek 200 metro baino gehiago izango lirateke garai, eta haien palak 100-120 metro luze izango lirateke. Hori, baina, hurrengo urratsa izango da. Oraingoz, 2030erako hiru megawatt argindar sortzeko gai diren errotak jartzea da erronka.

Proiektuaren arduradunek nabarmendu zuten, hain zuzen ere, itsasoko haize errota flotatzaileen merkatuan «liderrak» izatea dutela helburu. Eta, bide horretan, uste dute proiektu hori ezinbesteko urratsa izango dela, besteak beste haren diseinua bakarra delako munduan. Elkarlanaren aldeko gorazarrea ere egin zuten: «Proiektuaren arrakasta bazkideen gaitasunak bateratzearen ondorio da», esan zuten.

Atzera-bueltarik ez

Eusko Jaurlaritzak ere hartu du parte Demosathen proiektuan: Energiaren Euskal Erakundearen eta SPRI agentziaren laguntza jaso du, hain zuzen ere. Bada, Iñigo Urkulluk ekitaldian adierazi zuen energia berriztagarrien aldeko apustua «argia eta irmoa» dela, eta ez duela «atzera-bueltarik». «Badakigu itsasoan edo gure mendietan horrelako azpiegiturak izatea ez dela atsegina. Inori ez zaio gustatzen norbera bizi den lekutik hurbil jartzea. Baina klima aldaketa, tamalez, luzerako etorri da, eta erreakzionatu egin behar dugu». Eta ohartarazi zuen Eusko Jaurlaritzak interes orokorra lehenetsiko duela norberaren nahien aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.