Hamar enpresak eman dute Tubos Reunidos erosteko prozesuko lehen pausoa

Enpresaren egoerari buruzko informazioa eskatu diote kudeatzaileari. Behin onartuta, langileekin biltzeko eskubidea dute, eta haien erabakia ez da loteslea.

Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko uztailaren 14a
13:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar enpresak eskatu diote Tubos Reunidosi (TR) buruzko informazioa epaileak hura gidatzeko ezarritako konkurtso kudeatzaileari, PKF Attesti. Konpainia edo haren zati bat erosteko lehen pausoa da, eta konfidentziala da. Eskutitz hori bidali izanak, besteak beste, plantak bisitatzeko eta langileekin biltzeko eskubidea ematen die interesdunei. Hori bai, oraingoz ez da loteslea, eta ez du esan nahi eskaintzarekin bat egitera iritsiko direnik. 

Eragile gehienek espero zuten baino enpresa gehiagok hasi dute prozesua. Pauso konfidentziala den arren, Tubacexek eta Sidenorrek onartu dute informazioa eskatu dutela, eta besteen artean atzerriko konpainiak ere badaudela baieztatu du kudeatzaileak. PKF Attest bilera sorta egiten ari da gaur TRk Trapagaranen (Bizkaia), Amurrion eta Iruña Okan (Araba) dituen plantetako langileekin, eta bertan eman ditu xehetasunak. 

Bide luzea falta da oraindik, baina interesdun ugari egotea zantzu ona da, are gehiago jakinda euskal jatorrikoak behintzat industria taldeak direla: bata altzairugintzakoa (Sidenor) eta bestea hodigintzakoa (Tubacex).

Prozesurako arauak ezarri zituenean, konkurtso kudeatzaileak zehaztu zuen jardun industriala mantentzen duten enpresek lehentasuna izango zutela eskaintza ekonomiko hutsa egiten zutenen aurretik. Hori berme keinu bat da, konkurtso prozesuen helburua enpresen hondarrekin ahalik eta diru gehien lortzea delako, haren bitartez ahalik eta zor handiena kitatzeko. 

Sidenorrek Basaurin duen planta. TRrengan interesa duela onartu du. BERRIA
Sidenorrek Basaurin duen planta. TRrengan interesa duela onartu du. BERRIA

Prozesua hasteak, baina, ez du esan nahi beste pausorik emango dutenik. Hamar hautagaiek enpresaren informazio guztia biltzen duen laino batean sartzeko eskubidea dute, eta bertan ikusiko dute zein den benetako egoera. Era berean, plantak bisitatu ahal izango dituzte, eta langileen ordezkariekin bildu. Bi bilera egin ahal izango dituzte haiekin. Sindikatuak kopuru hori handitzen saiatu ziren, baina epaileak ez zuen onartu. 

Eskaintzak, irailerako

Ondoren iritsiko da eskaintzak egiteko garaia, hilabete eta erdi barru edo. Eta eskaintza hori benetakoa dela erakusteko bermeak jarri beharko dira mahai gainean. Haiek aztertutakoan, epaileak bostera mugatu beharko du hautagai kopurua. Hasieran ez zen espero halakorik egin beharko zuenik, baina baliteke galbahea pasatu behar izatea.

Bestalde, Tubos Reunidosen kudeatzaileak lan egutegiak aldatzea eskaini zien langileei joan den astean. Eskari kopurua txikia dela azaldu zien, eta txanda aldaketa batzuk proposatu zizkien. Sindikatuek ez zituzten begi onez ikusi, eta esan zioten sakoneko aldaketak direla eta horrelako erabakiak ezin direla hartu haien oniritzirik gabe. Konkurtsoa hasi zuenean, kudeatzaileek esan zien abuztura arteko soldatak bermatuta zeudela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA