Metalezko hodi batetik hanka batzuk eta urratutako arropa zatiak ageri dira, makinaren bazka. Beste hodi batetik, berriz, haragi xehatua ateratzen da, hanburgesak egiteko gertu. Harakinen amantala jantzita duten zenbat lagun eskuorriak banatzen ari dira, ekintza azaltzeko. «Absentismoaren iruzurra» salatzeko ekitaldia antolatu du LAB sindikatuak, eta, horretarako, haragia txikitzeko makina irudikatzen duen tramankulua jarri dute Bilboko erdigunean, Henao eta Heros kaleen bidegurutzean.
«Azken bolada honetan, patronala absentismoaren inguruko iruzur bat elikatzen ari da komunikabideetan», salatu du Irati Sienra LABeko Zerbitzu Pribatuetako arloko kideak. «Absentismoa da justifikatutako arrazoirik gabe lanera huts egitea, baina patronala kontzeptu hori erabiltzen ari da gaixoaldiak, ordu sindikalak, zaintzarako baimenak eta abar zaku berean sartzeko».
Horren atzean dagoen helburua «lan baldintzetan murrizketak egitea» da, sindikatuaren iritziz. Sienrak azaldu duenez, irekita dauden zenbait negoziazio kolektibotan, hala nola Bizkaiko metal merkataritzan eta garbiketan, patronala proposatzen ari da gaixoaldietako osagarriak murriztea soldatak igo ahal izateko ezinbesteko baldintza gisa. «Xantaia» eta «negoziazioa bahitzea» iritzi dio Sienrak horri.
Pankarta zabaldu dute LABeko kideek: Haragi txikitua bihurtzen gaituzue. Absentismoaren iruzurrari ez. Bozgorailuetatik, La Polla Records taldearen Carne para la picadora abestia dago entzungai. Batetik bestera dabiltzan oinezkoek harrituta begiratzen diote makinari, eta haietako askok sakelako telefonoa atera dute, argazkiak egiteko. Kasualitate hutsa izan da, baina okela partitzen duen kamioi bat elkarretaratzearen aurrean gelditu da, eta haragi erretiluak inguruko jatetxeetan banatzeari ekin dio hango langileak.
Mutualitateen rola
Mutualiaren egoitzaren aurrean egin dute agerraldia. Izan ere, LABen iritziz, mutualitateek rol garrantzitsua dute auzi honetan. «Lan gaixotasun mordo bat ez dute aitortzen, gaixoaldi askoren jatorri laborala ukatu egiten dute, sendagiria goizegi emanda bidea irekitzen diote etorkizunean gaixoaldi gehiago izateari eta gaixotasunak kronifikatzeari, eta enpresen interesak lehenesten dituzte langileen osasunaren gainetik», adierazi du Sienrak.
LABen iritziz, patronala bera da gaixoaldi askoren erantzulea, prebentzio neurriak ez hartzeagatik. Haien ustez, gaixoaldi kopurua apaltzeko bidea «argia» da: prebentzio planak «ganoraz» diseinatu eta betetzea, lan arriskuen prebentzioan inbertsioak egitea, gaixotasun profesionalak aitortzea, eta horien arta eta jarraipena osasungintza publikoaren bidez egitea, mutualitateak albo batera utzita.
Eta zergatik haragia xehatzeko makina? Sienrak eman du azalpena: «Langileok birrindu egiten gaituzte erabilezin geratzen garen arte, eta, hala ere, nahi dute lanean jarrai dezagun ezer gertatuko ez balitz bezala. Haragi txikituaren pare erabiltzen gaituzte».