Hazkunde aurreikuspenak hobetu ditu Eusko Jaurlaritzak

Aurtengoa hiru hamarren handitu du, %2,2raino, eta 2027koa bi hamarren, %1,9raino. Bigarren hiruhilekoan espero baino gehiago hazi da ekonomia. Kontsumoak, gastu publikoak eta zerbitzuek eutsi diote jarduerari, eta industria moteldu egin da.

Mikel Torres  Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu sailburua, legealdiaren balantzea egiteko ekitaldian, ekainean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu sailburua, legealdiaren balantzea egiteko ekitaldian, ekainean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 6a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak espero baino indar handiagoz eutsi dio urteko lehen erdiari, eta Eusko Jaurlaritzak gorantz berrikusi ditu aurreikuspenak. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak %2,2ko hazkundea espero du 2026rako, duela hiru hilabete kalkulatutakoa baino hiru hamarren gehiago. 2027rakoa ere hobetu du, bi hamarren, %1,9raino.

Mikel Torres lehendakariordeak zuhurtziaz baloratu ditu datuak. Azaldu duenez, bertako ekonomiak hazkunde sendoa erakutsi badu ere, nazioartean «ziurgabetasun elementu garrantzitsuak» daude oraindik, «energia kostuei, inflazioari eta interes tasei lotuta» bereziki, besteak beste Ekialde Hurbileko gatazkak eta nazioarteko merkataritzako tentsioak direla eta.

Dena den, arrisku horiei ongi eusten ari zaiola nabarmendu du, eta horren adibide gisa jarri du aurtengo bigarren hiruhilekoa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,3 hazi da urte arteko tasan, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago. Hiruhileko batetik bestera, berriz, %0,7 egin du gora. Duela hiru hilabete Jaurlaritzak espero zuena baino bi hamarren handiagoa da hori.

Inguruko ekonomiekin konparatuta, gainera, EAEko ekonomiaren hazkunde erritmoa eurogunearena (%1,2) baino biziagoa izan da, baina Espainiakorena (%2,6) baino txikiagoa izan da.

Barne kontsumoa indartsu

Hazkundearen oinarrian, batez ere, kontsumoa eta bereziki barne eskaria dago. Torresek azaldu duenez, etxeen kontsumoa %2,7 handituko da aurten, enpleguaren bilakaerak, soldaten erosahalmenaren berreskurapenak eta familien aurrezteko gaitasunak bultzatuta.

Gastu publikoak ere bultzada eman dio ekonomiari, eta hala jarraitzea espero du Jaurlaritzak: %3,4ko hazkundea aurreikusi du aurten.

Inbertsioak ere indartsu jarraituko du. Kapital eraketa gordina %3,6 haztea espero du. Torresek nabarmendu du enpresen inbertsio gaitasuna handia dela oraindik, baina datorren urtean moteltzea espero dutela, finantzaketa baldintza zorrotzagoengatik, eta Europako funtsekin lotutako zenbait proiektu amaitzen ari direlako.

Barne eskariaren indarrak, hala ere, ezin du guztiz konpentsatu kanpo sektorearen ahulezia. Esportazioak ez dira aurreko urteetan bezainbeste haziko, eta inportazioek, berriz, gora egingo dute. Ondorioz, kanpo sektoreak ez dio lagunduko ekonomiaren hazkundeari: aitzitik, %0,9 kenduko dio BPGaren hazkundeari aurten. 2027an ere ekarpen negatiboa egingo du, baina txikiagoa, %0,2koa.

Torresen ustez, horrek agerian uzten du industriak bizi duen egoera. Sektore hori eta energiarena %0,4 soilik haziko dela aurreikusten du Jaurlaritzak 2026an. Aldiz, zerbitzuek egingo dute ekarpen handiena: %2,9ko hazkundea aurten. Eraikuntzak ere hazkunde positiboari eutsiko dio, %1,3koa.

Langile gehiago

Jardueraren bilakaera enpleguan ere ari da nabaritzen. Jaurlaritzak kalkulatu du 22.000 lanpostu baliokide inguru sortuko direla 2026an eta 2027an. Hala ere, langabezia tasaren jaitsiera ez da hain nabarmena izango, biztanleria aktiboa ere handitzen ari delako, neurri handi batean uda honetan egindako migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesurengatik, eta horrek pertsona gehiago sartu dituelako lan merkatuan —16.093 gehiago irailean—. 2026rako %6,8ko langabezia tasa aurreikusten du Jaurlaritzak, eta %6,4koa 2027rako.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA