Atzerritarren eskuek eraikitzen dituzte etxeak Hego Euskal Herrian. Mundu osotik iritsitako besoek astintzen dituzte igeltsua, kare hautsa eta harriak, eta ez da arraroa obretan dozenaka hizkuntza entzutea. Eta gehiago ere izango dira, azken urteetako joerari eusten baldin bazaio behintzat; eta ez dago arrazoirik pentsatzeko ez dela hala izango. Izan ere, Hego Euskal Herrian eraikuntzan diharduten langile atzerritarren kopurua duela hamar urtekoa halako hiru da: 2015ean, 6.804 ziren, eta, egun, berriz, 18.448 dira. Batezbestekoan ere jauzi nabarmena izan da: duela hamar urte, langileen %10 ziren; egun, berriz, %23,1 dira, eta portzentaje hori handitzen ari da urtez urte.
Horiek datu ofizialak dira, baina, egiatan, atzerritarrak are gehiago dira. Besteak beste, estatistika horretan Espainiatik iritsitako langileak ez direlako atzerritar gisa zenbatzen. «Atzerritarrak eta emakumeak dira eraikuntzaren etorkizuna», hori argi du Iñaki Urresti Ascobi Bizkaiko eraikuntza enpresen elkarteko presidenteak. «Askotan, bertakoek ez dute halako lanetan aritu nahi izaten, eta guk aukera bat ematen diogu ikasketa berezirik gabeko jendeari. Baina ez gara jende premia duen sektore bakarra: gabezia hori orokorra da».
«Atzerritarrak eta emakumeak dira sektorearen etorkizuna. Hazten ari gara, eta langile askok aurki hartuko dute erretiroa. Langile premia handia da»
IÑAKI URRESTI Ascobiko presidentea
Datuak, baina, argigarriak dira; egun, eraikuntzan aritzea bideraezina litzateke langile atzerritarrik gabe. Obras Especiales enpresak, esaterako, hamabost herrialdetako langileak ditu, eta, hala ere, ez da gai eskulan gabeziari guztiz aurre egiteko: «Langile atzerritar askoz gehiago ditugu azken urteotan, baina, hala ere, ez dira aski. Langile atzerritarrek balio erantsi handia eman digute». Konpainiak hirurehun langile baino gehiago ditu, Nafarroan du egoitza, eta Hego Euskal Herrian eta Aragoin dihardu gehien.
Baina zein da arazoa? Obras Especialesen hiru gako nabarmendu dituzte: baga, 2008ko krisiaren ondoren hainbat langile sektorera ez itzuli izana; biga, langileen batez besteko adina handia izatea eta lekukoa hartzeko prest dauden gazte gutxi izatea; eta higa, «eraikuntza erakargarria ez izatea gazteentzat eta emakumeentzat».
Urrestik azalpena luzatu du: «Krisiaren ondoren, sektoreak langileen erdiak galdu zituen. Bizkaian, esaterako 50.000 ginen krisiaren aurretik, eta 23.000 gero. Orain, berriz, hazten ari gara, eta langile askok erretiroa hartuko du hurrengo urteetan. Alegia, errelebo premia handia dago: jende asko behar dugu».
Diagnostikoarekin jarraituz, Urrestik uste du sektoreak prestigio arazo bat duela: «Lan oso zakarra den ustea dago: kanpoan, baldintza gogorretan... Barruko obretan, berriz, nola-halako konponketak egiten direlako estereotipoa zabaldua dago, eta ez du laguntzen. Baina eraikuntza enpresetan badago aukera ondo lan egiteko». Hark ondo ezagutzen du Bizkaiko lan hitzarmena, eta baldintzak goratu ditu: «Peoi espezialista batek 30.000 euro gordin irabazten ditu urtean, eta, espezialista izan gabe, ezin zara aldamio batera igo. 1.700 ordu dira urtean, asteburuetan lanik egin gabe... Lan gogorra izatearena hor dago, baina gauzak asko aldatu dira. Orain makina asko daude laguntzeko».
30.000 euro gordin
Kopuru horiek agertzen dira lan hitzarmenetan, nahiz eta alde handiak dauden herrialdeen artean, batez ere Gipuzkoari erreparatuta; lurralde horretan, soldatak hobeak dira. Pioi espezialistek 29.996 euro gordin jaso zituzten iaz Gipuzkoan; Bizkaian, 27.084; Araban, 27.584 eta Nafarroan, 25.734. Aparteko orduak 30,65 euro pagatzen zaizkie Gipuzkoan, 19,91 Bizkaian, 16,08 Araban eta 19,92 Nafarroan. Lanaldia, bestalde, urtean 1.684 ordukoa da Gipuzkoan, 1.700ekoa Bizkaian, 1.720koa Araban eta 1.728 ordukoa Nafarroan. Alegia, astean 37,5 ordu baino gutxiago egiten dituzte.

«Eraikuntza sektore interesgarria da. Exijentea ere bada, baina oso ondo ordaindua dago, eta aberatsa da esperientziari dagokionez», laburbildu du Obras Especialesek. Enpresak azaldu du langile idealak «esperientziadunak» direla, trebatuak alegia: «Kofratzaileak, garabi gidariak, ertzak egiten dakitenak...», baina gutxi daudela halakoak: «Formula interesgarri batekin ari gara lanean: esperientziarik ez baina trebakuntza duen jende gaztea kontratatzen dugu. Behin enpresan sartzen direnean, langile beteranoek gidatzen dituzte, eta, hala, modua dute lan ibilbidea hasteko».
«Hamabost herrialdetako langileak ditugu. Langile atzerritar askoz gehiago ditugu azken urteetan, baina, hala ere, ez dira aski sektoreko langile gabezia betetzeko»
OBRAS ESPECIALES Eraikuntza enpresa
Ez baitago igeltsero izateko lanbide heziketarik. Formakuntza bai, baina ofizioa lantokian ikasten da oraindik ere. «Kontratazioa nagusiki gizarte erakundeen formakuntza zentroetan egiten dugu, eta enplegu foroetan», zehaztu du Obras Especialesek: «Adibidez, duela gutxi, igeltserotza eskolan tailerreko formakuntza egina zuten bederatzi ikasle hartu genituen Iruñean. Eta datu bat ematearren, bost herrialde ezberdinetakoak ziren».
Ascobik ere bere eskola propioa du. Hirurehun orduko ikastaroak ematen ditu Gallartan: oinarrizko igeltserotza, obrako eta fatxadetako lana... eta Urrestik dio ia parte hartzaile gehienak atzerritarrak direla: «Gaur egun, lan egiteko gogoa duen jendea nahi izaten da. Gure ikastaroetan, besteak beste, bakarrik dauden etorkin adingabeek parte hartzen dute, paperik gabekoek... Lan ibilbide bat egiteko aukera ematen diegu, baldintza honetan. Gure irakasleak balorazio bat egiten du, eta enpresei irakasten die. Aurten hamalau ikasle izan ditugu, eta hamabi bat kokatu ditugun enpresetan».
Eta iruzurra? Ba al dago halakorik? Historikoki eraikuntzan diharduten langile atzerritarrei lotu izan zaien itzal bat da. Urrestik argi du: «Egun pentsaezina da norbait kontraturik gabe aritzea enpresa handi batean. Kontrolak oso zorrotzak dira, eta enpresaren etorkizuna jokoan jartzen duzu». Eta txikiagoetan? «Auskalo, etxeetan lan egiten duen autonomoren batek izan dezake laguntzaileren bat kontraturik gabe, lantxoetarako eta; baina enpresetan, orokorrean, ez dago halakorik».