Esaerak dio izena duenak izana duela. Hala bada, Hekoa gaur jaio da, Hego Euskal Herri osorako tokiko diru bakarra izan nahi duena. Gabonetatik aurrera erabilgai izango da Baztanen (Nafarroa) eta Oiartzualdean (Gipuzkoa), baina, bi proba pilotu horien ondoren, asmoa da urratsez urrats interesa azaltzen duten Hegoaldeko beste eskualdeetara hedatzea eta, bigarren fasean eta juridikoki egingarria bada, Ipar Euskal Herriko euskoarekin uztartzea.
Hekoaren bataioa Elizondoko Arizkunenea jauregian izan da. Han bildu dira proiektuaren bultzatzaileak —tartean euskoaren arduradunak— eta tokiko dirua babestea erabaki duten erakunde batzuetako kideak. Norbanakoez gain, AEK, ikastolen elkartea, Bilgune Feminista, EHKOlektiboa, LAB, Olatukoop, BERRIA eta beste erakunde batzuk dira bazkide hekoaren egitasmoan. Gainera, babes ekonomikoa eman dute Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalbiltzak, eta Baztan, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek.
Erakundearen batzar eratzailea egin ondoren, Baztanen eta Oiartzualdean erabilgai izango diren billeteak erakutsi nahi zituzten, baina diseinurako ehunka proposamen jaso dituzte, eta denbora gehiago beharko dute guztiak prozesatu eta azken diseinua erabakitzeko. Hori bai, diseinatzaileen taldeko Angel Petxorenak azaldu du irudi «arras minimalistak» hautatu dituztela, eta argazkien beharrean grabatuak egitea hobetsi dutela.
Ikusi gehiago
Billete guztien irudia ez, baina lehen zirriborro batena bai iritsi da garaiz Elizondora. Heko bateko billetearen alde batean bertsolari baten grabatua ageriko da Oiartzualdeko diruan eta, artzain txakur bat, berriz, Baztangoan. Beste aldean irudi bera izango dute, eta diseinu hori bera egingo dute beste bost billeteetan —bi, bost, hamar, hogei eta 50 hekoko billeteetan—. Hurrengo asteetan aurkeztuko dituzte, diseinua amaitu ahala.
Heko batek euro baten balioa izango du. Dirua erabili nahi duenak Heko elkarteko bazkide izan behar du, eta bere euroak hekoekin trukatu beharko ditu horretarako ezarriko diren trukeguneetan.

Luix Intxauspe proiektuaren sustatzaileetako batek azaldu duenez, sei segurtasun neurri txertatu dituzte billeteetan, faltsutzeak eragozte aldera.
Hekoaren helburu nagusia da barne ekonomia sustatzea, sortutako aberastasuna eskualdean bertan geratzea eta bertako ekoizleei eta merkatariei laguntzea. Halakoa da euskoa, gaur egun Europan gehien erabiltzen den tokiko dirua. 2013an zabaldu zen Ipar Euskal Herriko 158 herrietara, eta gaur egun, 1.500 erabiltzaile profesional eta 4.500 erabiltzaile partikular ditu. Bost milioi eusko daude zirkulazioan.
Ordainketak, telefonoz ere bai
Diru fisikoa ez ezik, digitala ere izango da. Ondorengo egunotan bukatuko dute Hekoren aplikazioa (Hekopay), eta telefonoaren bitartez ordainketak egin ahal izango dira, bizum bidez egiten diren moduan. Oraingoz, bi eskualdeetako 40ren bat saltoki eta establezimenduk emango dute Hekoa erabiltzeko aukera.
Behin dirua sortuta, orain diru hori erabiliko duen jendea behar dute. Urte amaierarako mila bazkide edo erabiltzaile biltzeko asmoa zuten, eta dagoeneko 250 dira, partikularren, saltokien eta enpresen artean. «Denetatik dago», azaldu du Aitziber Arnaizek, Hekoren lehendakarietako batek, eta, bi eskualdeetakoak ez ezik, hortik kanpoko bazkideak ere nahi dituztela zehaztu du, «helburua Euskal Herri osorako moneta bat izatea delako».
«Hemen, Baztanen, interes ikaragarria dago. Aspalditik jendea galdezka ari da, 'eta noizko?'»
IÑIGO GORROTXATEGI Hekoko lehendakarietako bat
Orain arte piztutako arretaren inguruan pozik azaldu da Iñigo Gorrotxategi, Heko diruaren Baztanerako lehendakaria. «Bi eskualdeak arras diferente dira. Bat landa eremua da, eta bestea hiritarragoa, beste ezaugarri batzuk dituena. Eta, bakoitzak bere moduan, baina harrera oso ona egin dio. Hemen, Baztanen, interes ikaragarria dago. Aspalditik jendea galdezka ari da, 'eta noizko?'».
Baztango eta Oiartzualdeko saioen bidez «jendeari fidagarritasuna transmititu» nahi dietela gaineratu du Arnaizek, eta espero du horrek balioko diela sarea zabaltzeko eta beste eskualde batzuk ere proiektura erakartzeko. «Gure birusaren eragina sumatzen duena ongi etorria izango da».
Heko izena, Zergatik?
Ipar Euskal Herrian euskoa kudeatzen dutenekin elkarlanean garatu dute Hegoalderako diru propioa. Baina hasieratik erabaki zuten ezin zutela izen bera erabili, oraingoz bederen bi proiektu desberdin direlako. Gauzak horrela, heko izena bururatu zaie, bultzatzaileen iritziz, «proiektuaren DNAn txertatutako kontzeptu askorekin lotutako izena» delako: Hegoaldea, herritarren ekonomia, herriz herriko ekonomia, ekologia...