Hidrogenoa eta gasa sare beretik garraia daitezkeen aztertuko du Nortegasek

Enpresak H2Sarea proiektua abiatu du. Lantegi bat zabaldu du Zamudioko teknologia parkean, eta 2024rako espero ditu emaitzak

Erakundeetako ordezkariak, atzo, Zamudioko lantegira egin zuten bisitan. IREKIA.
aitor biain
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Nortegasek bere hodi sarea erabili nahi du hidrogenoa etxeetara eta industrietara banatzeko etorkizunean, eta, hori posible ote den aztertzeko, proiektu bat abiatu du. H2Sarea jarri dio izena, eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen barruan dago. Iazko otsailean aurkeztu zuen egitasmoa, eta orain jarri du martxan. Lantegi bat jarri du Zamudioko teknologia parkean (Bizkaia), saiakeraren ondorioak ikertzeko.

Nortegasek uste du banaketa eredu horrek hidrogenoaren aldeko apustua finkatzen lagunduko duela, etorkizuneko energia berriztagarrien erabilerari eta deskarbonizazio prozesuari begira. Eta hidrogenoaren hedapena ere nabarmen bizkortuko luke, agerikoa denez. Horretarako, baina, jakin nahi du zer ondorio izan ditzakeen hidrogenoa eta gasa azpiegitura berean nahasteak. Bada, biltegietatik hasi eta kontsumitzailearen azken loturarainoko prozesua ikertuko du Zamudioko zentroari esker. Beharrezkoak diren osagaiak eta materialak garatzeko ere baliatuko du gune hori.

Hiru urtean garatuko dute ikerketa proiektua, eta emaitzak bi urte barru jasoko dituzte. Nortegas da proiektuaren sustatzaile nagusia, baina beste euskal enpresa batzuk ere ari dira egitasmoan parte hartzen: hala nola ABC Compresores, CAE-Fidegas, H2Site, Erreka Fastening Solutions eta Orkli.

«Hidrogenoaren banaketak eraginkorra izan behar du, eta gasarekin nahasteak eraginkortasuna areagotzen duela uste dugu, bai denborari dagokionez, eta baita kostuari dagokionez ere», azaldu du Iñaki Alzaga Nortegaseko presidenteak. Konpainiaren sarearen garrantzia azpimarratu du, zeinak 8.500 kilometro baino gehiago baititu: 4.500 kilometro Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta beste 4.000 Espainia iparraldean.

Bestalde, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du H2Sarea «proiektu estrategikoa» dela, eta gogorarazi du Hidrogenoaren Euskal Korridoreak hidrogenoaren inguruko «ekosistema bat» garatzea duela helburu. Horregatik, elkarlanaren aldeko aldarria egin du, trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko.

Hain zuzen ere, Jose Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridorearen presidenteak adierazi du pandemiak eta Ukrainako gerrak trantsizio hori azkartu baino ez dutela egin. Korridorearen egitasmoak 1.300 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dauka, eta kalkulatu dute zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako beste 6.700 sortuko dituela.

Beste proiektuak

Nortegasek hidrogenoa jarri du bere negozio ereduaren ardatz estrategiko gisa. «Traktore» izan nahi du haren distribuzioan, baina beste proiektu batzuk ere baditu, H2Sareaz gain. Batetik, urte honen amaieran martxan jarriko du lehen hidrogeno gasbidea, zeinak Petronorrek ekoitzitako hidrogenoa garraiatuko baitu, Abantoko teknologia parkea hornitzeko; bestetik, hidrogeno berdea ekoizteko lantegi bat eraiki asmo du Zornotzan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.