Sindikatuek hiru orduko lanuzteetara deitu dute urriaren 15erako, Palestinaren alde

Erakunde, enpresa eta patronalei eskatu diete «genozidioaren konplize» direnekiko harremanak eteteko.

Mobilizaziorako deia egin duten sindikatuetako ordezkariak, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mobilizaziorako deia egin duten sindikatuetako ordezkariak, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 1a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk «lanuzte orokorra» antolatu dute urriaren 15erako, Gazako genozidioa salatu eta erakunde publikoei eta enpresei eskatzeko eten dezatela Israelekin duten harreman komertzial oro. LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk elkarrekin iragarri dute deialdia. ELAk bere aldetik egin du mobilizaziorako deia, egun bererako.

Lanuzteak hiru lan txandatan antolatu dituzte: 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, 12:30ean manifestazioak egingo dituzte Bilbon —Jesusen Bihotza plazatik abiatuta—, Donostian —Bulebarretik—, Gasteizen —Andre Maria Zuriaren plazatik— eta Iruñean —Golem zinemetatik—. 

ELA ez da batu deialdi horretara, baina egun berean mobilizatuko da —oraindik ez du zehaztasun gehiago eman—. Zortzi sindikatu horiek Espainian UGTk eta CCOOk egun eta ordu berberetan antolatutako lanuzteekin bat egin izana kritikatu du ELAk. Haren ustez, Euskal Herriko sindikatuek «mezu propioa» helarazi behar dute. Helburu horrekin, beste egun batean mobilizatzeko proposamena egin zion LABi, baina hark adierazi zuen egoerak erantzun «zabala eta irmoa» eskatzen duela eta «sindikatu bakoitzaren interes korporatiboak alde batera» uzteko garaia dela.

«Hausnarketa etikoa» enpresetan

Bat egin duten zortzi sindikatuek adierazi dutenez, Palestinako herriari elkartasuna adieraztea da mobilizazioaren helburu nagusia. Gogorarazi dute nazioarteko erakunde batzuek —tartean Nazio Batuen Erakundea eta Amnesty International– aitortu dutela Israel Gazan egiten ari dena genozidio bat dela. «Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen genozidio bat dela, Israelek berak edo hura sostengatzen duten gobernuek eta interes ekonomikoek salbu».

Erakunde publikoei ez ezik, enpresei eta patronalei ere mezua bidali nahi diete. «Hausnarketa etikoa» egin dezatela eskatu diete, eta eten dezatela «genozidioaren konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin» duten harreman komertzial oro. Gogoratu dute genozidioagatik Hegoafrikak Israelen aurka abiatutako auzian Nazioarteko Justizia Auzitegiak ohartarazi duela «erabilera bikoitzeko artikuluen» esportazioak legez kanpoko jardueretan eta bereziki ekintza militarretan erabil daitekezkeela, eta produktu horiek ekoizten eta saltzen dituzten enpresak ere zigortu daitezkeela horregatik.

Sindikatuen iritzian, Europako Batzordea beste alde batera begiratzen ari da auzi honetan, eta oso mantso ari da jokatzen. Orain arte egindako urratsak «eskasak» direla salatu dute. Hala, Bruselari eskatu diote aitortu dezala Israel genozidioa egiten ari dela Gazan eta hautsi dezala «erabat» Europako Batasunak eta Israelek duten merkataritza hitzarmen oro.

Gauza bera galdegin diete «Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Estatuko instituzioei». Halaber, eskatu diete euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko Gazarako su eten bat lortze aldera eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea eta okupazioaren amaiera ardatz izango dituen «konponbide integral bat» lortze aldera.

Gazako eta Zisjordania okupatuko «langile palestinarrak» ere izango dituzte gogoan urriaren 15eko mobilizazioetan. Azpimarratu dutenez, «Israelen etengabeko kolonizazioa» ondorio larriak eragiten ari da haien lan eta bizi baldintzetan.

 
 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.