Hamabost urte dira Eusko Jaurlaritzako langileen azken lan hitzarmena sinatu zutela, eta ordutik hona haien lan baldintzak beste administraziokoekin alderatuta «atzean» geratu direla uste dute ELAk eta LABek. Baina sindikatu horiek ziurtatu dute Imanol Pradalesen gobernuak ez duela borondate handirik ituna eguneratzeko, eta, presio egiteko asmoz, hiru orduko lanuzte bat egitera deitu dituzte Jaurlaritzako langile guztiak, ekainaren 16rako. Â
Agiri baten bitartez, bi sindikatuek «alde bakarrez» erabaki asko hartu izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Besteak beste, honako hauek aipatu dituzte: «Lan poltsen kudeaketa arbitrarioa, adinagatiko neurrien blokeoa, lan zuzenbideko langileen eskubideen aurkako erasoak, C1-C2 taldeen berrantolaketa, euskararen babesgabetasuna eta hainbat kolektiboren gatazken kudeaketa eskasa, besteak beste, Ibaiondo, Eustat edo ikastetxeetan lan egiten duten langileenak».
ELAk eta LABek sei gai jarri nahi dituzte mahai gainean lan hitzarmenaren eguneratzean. 35 orduko lanaldia dute Jaurlaritzako langileek, baina beste urrats bat egiteko eta lanaldi hori gehiago laburtzeko garaia dela uste dute sindikatu abertzaleek.
Soldatak, Madrilen ez
Soldaten eguneratzea izan ohi da lan hitzarmenetan eztabaidagai nagusia, eta, arlo horretan, «galdutako erosahalmena berreskuratzea» galdegin dute, eta soldatak Gasteizen negoziatzea, eta ez Madrilen. Izan ere, azken ia hogei urteetan Jaurlaritzak bere egin ditu Espainiako Gobernuak langile publikoen soldaten inguruan hartutako erabakiak, beste erremediorik ez zeukala argudiatuta. ELAk eta LABek, ostera, iritzi diote gobernuak baduela modua soldata publikoei buruz erabaki autonomoak hartzeko, eta hori egiteko eskatu diote, horrela gaindituko dutelakoan erosahalmenean jasandako galera.Â
Honako hauek dira ELAren eta LABen beste eskaerak: euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzea, adinagatiko neurriak ezartzea, «benetako» kontziliazio neurriak eta ordutegiak garatzea, eta lan osasuna lehentasun bihurtzea.