Hirugarren greba zikloa Gipuzkoako Moeve gasolindegietan

ELAk eta LABek deituta, langileek greba egingo dute abuztuaren 28tik 30era. Hilabete honetan egingo duten hirugarren greba zikloa da.

Moeveko langileen mobilizazioa abuztuaren 15ean, Oiartzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Moeveko langileen mobilizazioa abuztuaren 15ean, Oiartzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko abuztuaren 20a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuko bi asteburutan greba egin dute Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek, enpresak ez baitie haien eskaerei erantzun barne itunerako negoziazioetan. Protestak gorabehera, enpresaren jarrera ez da aldatu, ELAren eta LABen esanetan, eta gaur iragarri dute hirugarren greba zikloa egingo dutela: abuztuaren 28ko 22:00etan hasi, eta abuztuaren 30eko 22:00ak arte.

Moeve enpresak 16 gasolindegi ditu Gipuzkoan, 150 langile guztira, eta enpresa batzordea LABeko bost kidek eta ELAko hiruk osatzen dute. Langileek hilabeteak daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen, eta ez dute uste prozesuan enpresak aurrerapauso nahikorik eman duenik haien lan baldintzak hobetzeko.

Horregatik jo zuten grebara uztailaren 30eko eta abuztuaren 14ko asteburuetan, jende askok oporretara joan edo oporretatik itzultzeko bidaia egiten duen momentuetan. Elkarretaratzea ere egin zuten abuztuaren 15ean, AP-8 errepideko Oiartzuneko gunean.

Sindikatuen esanetan, bi protesten jarraipena ia erabatekoa izan zen, eta «horrek indartu egin ditu langileen aldarrikapenak». Enpresak «entzungor» egin diela salatu dute, eta berriro grebara jotzekoak dira: langileen lan baldintzak hobetzea nahi dute, eta enpresak haien eskaerak kontuan hartzea, negoziazioei berriro ere ekiteko. Zehazteko dago mobilizazio nagusiak non eta noiz egingo dituzten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA