Iberdrolak 6.000 milioi eurotik gorako irabaziak espero ditu aurten

Urteko lehen hiruhilekoan iaz baino %26 gehiago irabazi du, joan den urtean izan zituen ezohiko diru sarrerak aintzat hartu gabe. Inoizko inbertsio handienak egin izanarekin lotu ditu emaitza onak energia konpainiak.

Iberdrola dorrea, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iberdrola dorrea, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2025eko apirilaren 30a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteko lehen hiruhilekoko emaitzak ikusita, ez dirudi Iberdrola etxafuegorik botatzeko moduan dagoenik, energia konpainiak 2.004 milioi euro irabazi baititu urtarriletik martxora, iaz epe berean baino %27,4 gutxiago. Iaz, baina, aparteko diru sarrerak izan zituen, Mexikon zuen negozioaren zati bat saldu egin zuelako. Irabazi horiek kontuan hartu gabe, emaitza %26 handiagoa da.

Hala, salmentek ere %1,5 egin dute gora: 12.864 milioi eurokoak izan dira, iazko aparteko irabaziak kontuan hartu gabe. Eta EBITDA adierazlea, berriz, %12 handitu da (4.643 milioi). Iberdrolak AEBetan eta Erresuma Batuan izan du irabazi gehien.

Konpainiako presidente Ignacio Sanchez Galanen arabera, inoizko inbertsiorik handienak egin dituztelako lortu dituzte halako etekinak. Izan ere, 17.300 milioi euro jarri dituzte inbertsioetarako azken urtean, aurreko urtean baino %44 gehiago.

Hurrengo hilabeteetarako aurreikuspenak ere onak dira, eta energia konpainiak ez du ezkutatu gauzak ondo bidean emaitza ikusgarriak lortuko dituztela. Izan ere, Iberdrolak esan du «bi digituko» hazkundea izango duela aurreko urteko irabaziekin alderatuta. Horrek esan nahiko luke 6.000 milioi euro baino gehiago irabaziko lituzkeela, 2024an 5.530 milioiko emaitza izan baitzuen.

gainetik kendu du erantzukizuna

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak energia hornitzaile pribatuei kontuak eskatzeko egindako adierazpenei erantzunez, Iberdrolaren buruak sare elektrikoari pasatu dio fardela, REE Espainiako Red Electricari. Izan ere, Sanchez Galanek adierazi du hari dagokiola argitzea itzalaldia zerk eragin zuen, eta ez energia konpainiei. «Ingeniari moduan» gertatu zenari buruzko iritzirik baduela esan du, baina ez du horren berri eman. Azpimarratu du, hori bai, Iberdrolaren baliabide guztiak prest zeudela argi etena gertatu zenean, baita aurretik eta ondoren ere. Hala ere, sareetan inbertsioak egiteagatik ordainsari handiagoak emateko eskatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.