Errekorrez errekor dabil Iberdrola: 6.285 milioi euroren irabaziak izan zituen 2025ean, inoizko gehien, eta etekin horiek gainditzeko bidean da aurten. Gaur jakinarazi du urtarriletik irailera 5.816 milioi euro irabazi dituela, iaz epe berean baino %10 gehiago. Hortaz, urte amaierara arte 6.900 milioi euro inguru irabaziko dituela aurreikusten du.
Goranzko joerak akziodunengan ere eragina izatea nahi du energia konpainiak: akzio bakoitzeko ordainsaria %9 handitzea proposatu du, 28 zentimora arte. Aurten soilik ez, etekinen hazkundea datozen bost urteetan ere neurri berean haztea espero du —urtero %10—, eta hori mantentzea: horrela, 2030eko irabaziek 10.000 milioi euroren langa gaindituko lukete.
Ezohiko diru sarrerak kenduta —Mexikoko zentral termikoa saldu dio Cox taldeari—, 5.140 milioi euro irabazi ditu Iberdrolak aurten, aurreko urtean baino %9 gehiago.
Inbertsioak eta sareak
Argindar konpainiaren esanetan, irabazien errekorra bi faktorek baldintzatu dute: azken urtean eginiko inbertsioek eta sareen aldeko apustuak. Lehenari dagokionez, 10.087 milioi inbertitu ditu urteko lehen zortzi hilabeteetan, iaz epe berean baino %13 gehiago, eta horien %75 Erresuma Batura, AEBetara eta Brasilera zuzendu ditu.
Iberdrolaren sareen azpiegituren aldeko apustua, berriz, geroz eta handiagoa da: negozio atal horretan 6.277 milioi euro inbertitu ditu, aurreko urteko epe berean baino %28 gehiago, eta argindar konpainiak eginiko inbertsioen ia bi heren dira.