Iberdrolak beste enpresa bat erosteko onarpena jaso du. Caruna izango da konpainia hori, Finlandiako hornitzaile elektriko handiena, 5.000 milioi euroko balioa duena, zorra barne. Hain justu, Europako Batzordeak (EB) eman dio onarpena, argudiatuz ez dagoela trabarik atzerriko dirulaguntzei buruzko araudiaren esparruan.
Iberdrolak prozedura horri ekiten dion aurreneko aldia da. Hori zen eragiketa egin ahal izateko behar zuen azken urratsa, eta enpresa erosi ahal izango du orain. Aurretik, EBk beste baimen bat eman zion operazioa ahalbidetzeko, eta Finlandiako Enplegu eta Ekonomia Ministerioak ere onartu zuen eragiketa. Carunaren %80 erostea da Iberdrolaren asmoa, 2.000 milioi euro ingururen truke; bere jarduera Finlandiara hedatzea nahi du horrela.
Caruna Finlandiako konpainia handiena da hornidura elektrikoari dagokionez. 1,5 milioi pertsona ingururi ematen dio zerbitzua, Finlandiako bost herritarretik bati, eta 89.000 kilometroko sare elektrikoa kudeatzen du, horietatik %67 lurrazpian. Urtean 200 eta 300 milioi euro arteko inbertsioak aurreikusten ditu Carunak, bere sareak indartzeko eta digitalizatzeko.
Erosi eta saldu
Carunaren operazioak Iberdrolak sare elektrikoen egiten ari den apustua berresten du. Konpainiak 1,4 milioi kilometro kudeatzen ditu mundu osoan, eta handitzen joan da sare hori azken urteetan. 2024an, adibidez, Erresuma Batuko Electricity North West argindar banatzailearen %88 erosi zuen, 5.000 milioi euroren truke, eta Brasilera ere hedatu izan du bere jarduera, baita AEBetara ere, besteak beste.
Euskal Herrian ere sare elektrikoa handitu nahi du Iberdrolak, eta helburu bera du Eusko Jaurlaritzak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. Sare elektrikoa %50 handitzea proposatu du 2030erako, eta 1.300 milioi euroko inbertsioa egitea. Iberdrolak 900 milioi jarriko ditu.
Sareetatik kanpo, bestalde, Iberdrolak baditu beste negozio batzuk ere, baina saldu egin izan ditu horietako batzuk azken urteetan. Mexikon, adibidez, Cox konpainiari saldu zion energia berriztagarrien alorreko negozioa, 3.600 milioi euroren truke; eta Polonian dituen bost parke eolikoak saltzeko aukera ere aztertzen ari da.