Irango gerra eta Ormuzko itsasertzeko krisia eragin zuzena izaten ari dira munduko petrolio merkatuan, eta, ekoizpen murrizketari aurre egiteko neurrien eraginez, erreserbak «bizkor» txikitzen ari dira. Ohartarazpena Nazioarteko Energia Agentziak egin du (IEA), petrolioaren merkatuari buruzko apirileko balantzean.
Txostenaren arabera, 95,1 milioi petrolio upel ekoizten dira eguneko. Otsailean ekoizten zirenak baino 12,8 milioi upel gutxiago dira horiek. Gabezia horri aurre egiteko, Persiar golkotik kanpoko estatuak, Errusia bereziki, petrolio gehiago punpatzen hasi ziren.
Erreserba hustuketa hori, baina, «aurretik inoiz ikusi gabeko erritmoan» doa IEAren arabera. Martxoan 129 milioi upel murriztu ziren erreserbak, eta apirilean, 117 milioi. IEAk 400 milioi upel ateratzeko ezohiko baimena eman zien kide dituen estatuei, eta salbuespen hori txiki gelditu daiteke, maiatzean joera antzekoa izaten ari baita. Munduko erreserbak 8.000 milioi upel inguru dira, baina hor mota askotako petrolioak sartzen dira, eta asko ez dira ekoizteko errazak.
Prezioek gora udan
Agentziak nabarmendu du krisiak petrolioa garestitu duela, eta horren ondorioz kontsumoa 2,4 milioi upel murriztu dela, baina, hala ere, ekoizpenak ez du eskaria asetzen. Izan ere, IEAk iragarri du urteko bigarren seihilekoan batez besteko eskaria 104 milioi upelekoa izango dela hilabeteko.
Eta zer eragin izango du prezioan? Bada, agentziak aurreikusi du udan gora egin dezakeela, hilabete horietan eskariak gora egiten duelako, eta gabeziak, gutxienez, urteko azken hiru hilabeteetara arte iraungo duelako. Hori bai, ez du zehazten zenbateko igoera izan daitekeen. Gaur, arratsalde hasieran, Brent upela 107 dolarrean salerosten ari dira.