Indiak txanda hartu dio ekonomian Txinari

Txina moteltzeko prozesu betean den honetan, New Delhi da Asiako motor berria: %6 baino gehiago hazi da Indiako ekonomia, eta biztanleria gaztea du.

Jendea Indiako errupiaren ikurraren ondotik pasatzen, Indiako Erreserba Bankuaren egoitzaren ondoan, Mumbain. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Jendea Indiako errupiaren ikurraren ondotik pasatzen, Indiako Erreserba Bankuaren egoitzaren ondoan, Mumbain. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Josep Solano
TOKIO
2026ko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hamarkada luzean, protagonista nabarmen bat izan da Asiaren goraldi ekonomikoan: Txina. Orain, ordea, joera aldaketa bat aipatzen dute nazioarteko aurreikuspenetan, duela urte batzuk ia ezinezkoa zirudiena: Indiako ekonomia hazten ari da gehien mundu guztian, eta Txinakoa, berriz, moteltzen ari da, nazioarteko erakunde askoren ustez modu estrukturalean. Ez da estatistiketako posizio aldaketa hutsa: aitzitik, Asiako oreka ekonomikoaren eraldaketa sakona da.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) aurreikusi du 2026-2027ko ekitaldian %6,3 haziko dela Indiako ekonomia, Txinakoa baino askoz gehiago: %4,5eko hazkundea iragarri dio Txinari 2026rako, eta %4,3koa 2027rako. Horrek agerian utzi du zein sendoa den Indiako barne eskaria eta nolako onura ekarri dioten azken urteotako erreforma ekonomikoek. Munduko bigarren ekonomian, berriz, biztanleria zahartzen ari da, gero eta nabarmenago; etxe sektorea ahul dabil, eta bistan da hazkuntza eredua higatzen hasia zaiola.

Indiako dinamismoaren bultzatzaile asko barne eragileak dira. Biztanle gehiago ditu jada Txinak baino, eta 29 urtekoa du batez besteko adina; beraz, Indiako kontsumo merkatua handitu eta handitu ari da, eta eskulana ere gero eta ugariagoa izango da hurrengo hamarkadetan. Gainera, Narendra Modiren gobernua erreformak egiten ari da zerga sistema soiltzeko, ekonomiaren digitalizazioa bultzatzeko, azpiegiturak hobetzeko eta nazioarteko inbertsioa erakartzeko manufaktura industriara. Hori guztia lagungarria izan da India helmuga nagusietako bat izan dadin produkzioa Asian dibertsifikatu nahi duten enpresentzat.

Multinazional askok 'Txina+1' izeneko estrategiari ekin diote, produkzioa dibertsifikatu nahian, eta horrek mesede egin dio Indiari

Pekinek eta Washingtonek tirabira komertzialak izan dituztenez eta pandemiaren ondorioz etenaldiak izan zirenez, multinazional askok Txina+1 izeneko estrategiari ekin diote, produkzioa dibertsifikatu nahian, eta horrek mesede egin dio Indiari. Elektronikako, autogintzako eta osagai industrialen arloko ekoizle handi batzuek Indiara jo dute, ez baitute Txinako merkatuaren hain mendekoak izan nahi. Indiaren esportazio gaitasuna ezin da inola ere parekatu Txinak duen gaitasunarekin, baina India gero eta garrantzizkoagoa da plataforma industrial eta teknologiko gisa hornikuntza kate globaletan.

Hazkunde horrek zailtasunak ere badakartza. Abantaila demografikoaz baliaturik etengabe hazten segitu nahi badu, Indiak milioika enplegu kualifikatu sortu beharko ditu urtean, azpiegiturak handitu, eta lurraldeen arteko aldeak murriztu. Analistak bat datoz: %6 baino gehiago hazten segitzeko, erreformak egiten segitu beharko du, eta gai izan beharko du industriarako inbertsioa erakartzeko eta produktibitatea hobetzeko.

Dena dela, ekonomialariek azpimarratu dute haztea ez dela arrakastaren berme. Indiako Gobernuko ekonomialarien buru Arvind Subramanian-ek behin baino gehiagotan ohartarazi du abantaila demografiko itzel horretaz baliatuz enplegu produktiboa sortzea eta industrializazioa sendotzea dela New Delhiren egiazko erronka. Haren ustez, Indiak egokiera aparta du orain, azken hamarkadetan ekonomia gutxik izan duten bezalakoa, baina, bultzada horri probetxua ateratzeko, nahitaezkoa izango du inbertsioa erakartzen segitzea, produktibitatea hobetzea eta egituren erreformak bizkortzea.

Txinari, berriz, erabat aldatu zaio egoera, oraingoak ez baitu zerikusirik urteetan eta urteetan munduko ekonomiaren motor bihurtu zuen jokalekuarekin. Hazi eta hazi aritu zen luzaro, industrializazioak, esportazioek eta inbertsio publikoek bultzaturik, baina orain bestelakoa du egoera munduko bigarren ekonomiak: biztanleria zahartuta dauka; jaiotza tasa behera doa; etxe sektorearen krisiak luze jo du, eta barne eskaera ez da lehen bezain dinamikoa. OCDEren ustez, horrek guztiak berekin dakar egiturazko moteltze bat.

Abantaila demografikoa

Luzera begira egindako prospektibek ere horixe iragartzen dute. Nazioarteko zenbait ikerlanen arabera, oraingo joerak berdin segituz gero, Indiak 2060 inguruan gaindituko du Txina munduko barne produktu gordinean izango duen pisuari dagokionez, erosteko ahalmenaren parekotasunaren arabera neurtuta. Txinako biztanleriaren zahartzea gero eta azkarragoa da, eta Indiak, berriz, abantaila demografiko nabarmena izango du zenbait hamarkadaz, eta tarte handia ere bai produktibitatea hobetzeko.

Dena dela, ekonomialari batzuek, hala nola Raghuram Rajan-ek, gogorarazi dute Indiaren egiatako erronka ez dela Txina baino bizkorrago haztea bakarrik: hazkundeari esker, kalitateko enplegua sortu, azpiegitura modernoak eraiki eta per capita errenta handiagoa lortu behar luke. Izan ere, gauza bat da Txina baino azkarrago haztea, eta beste bat, hura bezain garatuta egotea.

Hurrengo urteetan ere, urte askoan, Txina potentziarik handienetako bat izango da industrian, teknologian eta merkataritzan. Baina nazioarteko organismoetan eta analisten artean, gero eta gehiago bat datoz Asiako hazkundearen erdigunea hegoaldera mugitzen ari dela. Berrogei urtean, Txinaren goraldia izan da munduko ekonomiaren ezaugarri nagusia, baina orain, berriz, bistan da India bilakatu dela, poliki-poliki, Asiako hazkundearen motor, eta bera izango dela munduko ekonomiaren bultzatzaile nagusietako bat hurrengo hamarkadetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA