Industria ahul dabilen arren, EAEko ekonomia Jaurlaritzak espero baino gehiago hazten ari da

Enplegua ongi erantzuten ari da azkenaldian ere: Eustaten arabera, ia 15.000 enplegu sortu dira azken urtean.

Langile bat Mercedesen Gasteizko lantegian, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Langile bat Mercedesen Gasteizko lantegian, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 6a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia hazkunde erritmoari eusten ari zaio 2025. urtean. 2024an %2,1 hazi zen, eta maila horretan handitu zen 2025eko lehen hiruhilekoan ere. Apirilean aurreratutako estimazioan baino hamarren bat gehiago da, eta Eusko Jaurlaritzak urte hasierarako esperotakoa baino bi hamarren gehiago. Edonola ere, patronalek eta esportazioek diotena erakusten dute Eustaten datuek: industria ez dabil fin.

Urteko lehen hiruhilekoan %0,7 handitu da industria iazko lehen hiruhilekoaren alderatuz gero, hau da, ekonomia osoak egin duenaren heren bat. Baina hazkunde horren parte handi bat energia atalari zor dio, manufaktura industria bera %0,3 baizik ez baita handitu.

2024 osoan baino pixka bat gehiago da (%0,2), eta baliteke lotuta egotea AEBetako presidente Donald Trumpek abiarazitako merkataritza gerrarekin. Izan ere, muga zergak handituko zirela jakinda, AEBetako inportatzaileek urte hasierara aurreratu zuten Europako produktuen erosketa. Horri esker atera da Alemania atzeralditik, eta eurogune osoko ekonomiari bultzada eman diola onartu zuen atzo Europako Banku Zentralak.

Industria baino sendoago dabil eraikuntza (+%1,6) eta, batez ere, zerbitzuak (+%2,6). Azken atal horretan nabarmendu dira merkataritza, ostalaritza eta garraioa (+%2,9), eta horrek erakusten du familien kontsumoa (+%2,6) dela oraintxe ekonomiaren motorra.

%1,9

 

Hazkundea Araban. Araban du industriak pisurik handiena barne produktu gordinean, eta hori ikusten da hazkundearen datuetan ere, %1,9 hazi baita hango ekonomia lehen hiruhilekoan, Bizkaikoaren (+%2,1) eta Gipuzkoaren (+%2,2) azpitik.

Baina eskariaren aldetik bada nabarmendu daitekeen beste datu bat: kapitalaren osaketa gordina, hau da, enpresen inbertsioa %2,2 handitu da, eta haren barruan, batez ere ekipo ondasunetan egindakoa (+%3). Beste hitz batzuetan, makina berritzen ari dela industria.

Txikiagoa da, ordea, industria langile berrietan egiten ari den inbertsioa. Enplegua %0,6 gehitu da sektore horretan, eraikuntzan (+%1,1) eta zerbitzuetan (+%1,8) baino gutxiago. Oro har, enpleguak ongi eusten diola erakusten dute Eustaten datuek ere: lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, 2024ko lehen hiruhilekoan baino 14.838 enplegu gehiago zeuden aurtengoan (+%1,5).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.