Jauregik eta Irujok esan dute industria babesteko nahitaezkoa dela Txinarekin merkataritza harreman «bidezkoa» izatea

'Enpresabidea' agerkari digitalak antolatutako ekitaldi batean, industriaren egoeraz mintzatu dira Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako industria arduradunak. Haien ustez, sektoreak dinamismo handia du, baina eraldatu ezean arriskuan egon daiteke.

Pili Kaltzada, Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburua eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria, 'Enpresabidea' agerkari digitalak antolatutako ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Pili Kaltzada, Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburua eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria, 'Enpresabidea' agerkari digitalak antolatutako ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Noain
2025eko azaroaren 27a
11:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Irujo-Jauregi, pilota partida dirudi». Txantxa horrekin abiatu du Pili Kaltzada aurkezleak Mikel Irujo eta Mikel Jauregiren arteko solasaldia. Enpresabidea agerkari digitalak gonbidatuta, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako industria sailetako agintariak sektorearen erronkez aritu dira euskaraz solasean, galderaz galdera, tantoz tanto. Bat egin dute diagnostikoan: Hego Euskal Herriko industriak dinamismo handia badu ere, arrisku nagusietakoa Txinaren lehia da, eta, horregatik, merkataritza harreman «bidezkoa» aldarrikatu dute. «Txina munduko fabrika da. Gosea dute, eta mundua irentsi nahi dute. Horretarako gaitasuna dute, baina baita gogoa ere. Egiten duten horretan sinesten dute», esan du Irujok.

CEIN Nafarroako enpresen eta berrikuntzaren zentroaren egoitzan izan da solasaldia, Noainen (Elortzibar, Nafarroa). Aurretik, sozietate publiko horretako zuzendari Uxue Itoizek egin du aurkezpena, eta minutu batzuez Nafarroako hiru ekintzaileren testigantzak entzun dira —Xabier Leonardo Zaindariko zuzendari nagusia, Mieke Iriarte Torredonez ardotegi baten sortzailea, eta Onintza Sayar NNBIko operazio zuzendaria—, Maitane Bueno Laboral Kutxako Nafarroako eskualdeetako zuzendariarekin batera. Hasi eta buka, euskaraz egin dute.

«Txina munduko fabrika da. Gosea dute, eta mundua irentsi nahi dute. Horretarako gaitasuna dute, baina baita gogoa ere. Egiten duten horretan sinesten dute»

MIKEL IRUJO Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria

Euren mintzaldian, sailburuak eta kontseilariak azpimarratu dute Hego Euskal Herriko industriak «dinamismo handia» duela, baina uste dute ezin direla lo geratu. Horren adibide gisa, iragan astean Maria Txibite lehendakariarekin Txinara egindako bidaia batean, Irujok bertatik bertara ikusi ahal izan zuen kilometro bat luze zen bateria fabrika bat. «Hutsetik hiru urtean fabrika erraldoi bat eraiki eta hura abiarazteko gai dira». Irujoren arabera, bizkortasun hori giltzarri da, eta Nafarroako industria legearen proiektuan txertatu dute irizpide hori.  

Jauregik 1980ko hamarkadaren antza ikusten dio gaur egungo egoerari. Nahiz eta garai hartako krisirik ez den nabaritzen, autogintzako osagai hornitzaileen sektorea eta altzairugintza «triste» antzematen ditu. Hala, etorkizunera begira, eraldatu ezean Euskal Herria «industria basamortu» bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du. «Zarauztarra izanik, badatorkigun olatuan ez bagara sartzen, gainetik pasatuko zaigu».

«Kuadrilla handitu»

Jauregiren esanetan, baina, iraganeko errezetek ez dute guztiz balio, eta gaur egungo errealitatera egokitu behar dira. Alegia, iraganean, enpresen arteko lankidetza harreman sareek —klusterrek— balio izan zuten, eta orain «kuadrilla horiek handitu egin behar dira», Jauregiren esanetan. Esan du horretarako «formula berriak eta proiektu eraldatzaileak» behar direla, industria egitasmoak finantzaketa iturriekin eta ikerketa zientifikoarekin lotuz.  «Ekintzaileek garrantzi handia dute. Elkar hartze horretatik txinpartak sortu, eta hortik atera daiteke gure industria berria». 

Irujoren arabera, Nafarroako ekintzailetzak «osasun ona» dauka. Nahiz eta sisteman sartzen diren enpresen jarduera tasa apala izan, sortzen diren horien kontsolidazio tasa «Europako handienetarikoa» da; hots, 42 hilabete baino gehiago irauten dute enpresa askok. «Gure ekintzaileak segurolak direla esan ohi dugu. Kostatzen zaie sartzea, baina, behin pausoa emanda, %82 aurrera doaz». Hori guztia industriaren ekosistema oso batekin lotu du.

«Txinatarrek esan ohi dute harresi bat jarri ezean ez dutela hemen fabrikarik jarriko. Gu gara dena irekita nahi dugun azken erromantikoak»

MIKEL JAUREGI Industria kontseilaria

Dena den, Euskal Herriaren txikitasunetik, aurrean dauden arriskuez eta aukerez hitz egin dute Irujok zein Jauregik. Eta guztien artean herrialde bat nabarmentzen da: Txina. Irujok gogora ekarri du Txinaren jauzi teknologikoaren abiapuntua izan zela Europako enpresen ezagutza eta teknologia baliatzen jakitea: «Hemen kexuka ibiltzen gara, baina know how hori dugu (ezagutza eta esperientzia), ahalmena dugu, ekintzaileak ditugu, baina beharbada ez dugu haiek bezala sinesten, eta hori ere garrantzitsua da».

Datorren astean, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Bruselan izango dira beste hamabost eskualderekin batera industria babesteko eskatzen. Ildo horretako neurri sorta bat aurkeztekoa da Europako Batzordea abenduan bertan. Jauregiren arabera, beharrezkoa da Europako Batasunetik kanpoko inbertsioak derrigortzea euren produktuen parte bat Europako osagaiekin eta teknologiarekin egin dezaten. «Hona inbertitzera datozenean, esan ohi dute harresi bat jarri ezean ez dutela fabrikarik jarriko. Gu gara dena irekita nahi dugun azken erromantikoak». 

Bi gobernuek lankidetza hitzarmena berritu dute, baina «gehiago» egin daitekeela uste du Jauregik. Irujok gogora ekarri du Akitania Berriarekin batera osatutako euroeskualdearen barruan jada badagoela elkarlana, baina bien arteko harremana areagotu beharko litzatekeela aitortu du. «Errealitate ekonomikoak eta sozialak partekatzen ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.