EAJren eta PSE-EEren arteko xextra betean elkartu dira Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak, bi erakundeen arteko elkarlana indartzeko xedez. Ajuriaenea jauregian egin dute bilkura instituzionala, Gasteizen, eta hurrengo bost urteetarako lankidetza protokoloa berritzeko baliatu dute topaketa. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernukoak sintonia ona dutela erakutsi nahi izan dute bileran, eta, besteak beste, azpimarratu dute bi gobernu koalizioen «egonkortasuna» bermatzea dagokiela, baita interes bereko gaietan harremanak sakontzea ere. Horri erantzun asmo dio, hain justu ere, itun berriak.
Sinadura ekitaldiaren osteko agerraldian, ordea, bi agintarien arteko desberdintasunak agerian geratu dira. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu baitu Txibite eta Pradales bera bi gobernuren buru izanagatik ere oinarrian «herri bakarraren» ordezkariak direla, eta «mugarik gabeko» harremanak dituen «mugarik gabeko herria» eraikitzea dutela helburu. Horregatik, iritzi dio Hego Euskal Herriko lau herrialdeen arteko harremana «behar historikoa» ez ezik «ezinbesteko» elementua ere badela «ziurgabetasun» garaiotan: «Bi gobernu herri bakarraren erronkei erantzuteko prest gaude».
Hitz nabarmen neurtuagoak erabiliz eta bere ildo politikoa nabarmenduz, «bi bizilagunen» arteko lankidetza nabarmendu du Txibitek, eta nabarmendu du «bi herrien» eta «bi erakundeen» artean «leialtasunezko, errespetuzko eta lankidetza historikoko harremana» dagoela. Bada, harreman hori «indartzearen» alde agertu da Nafarroako lehendakaria, eta azpimarratu du lankidetza hitzarmenak horri erantzuten diola: «Protokolo hau Nafarroaren eta Euskadiren arteko adeitasunezko harremanetik harago doa».
«Gure arteko lankidetza behar historiko bat da, mugarik gabeko erlazioan sinisten dugulako eta mugarik gabeko herria egunero eraikitzen dugulako. Bi gobernu herri bakarraren erronkei erantzuteko prest gaude»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Edozein kasutan, eta nork bere prismatik begiratu arren, bi agintariek mezu bateratu bat bidali nahi izan dute, eta hitzarmenaren garrantzia nabarmendu. Bereziki industriaren alorrean egin dute azpimarra, adierazi baitute elkarlana ezinbestekoa izango dela alor horretan «aukerak» galdu nahi ez badira. Txibitek kezka agertu du ekonomiaren gainean, eta Pradalesek «partida elkarrekin» jokatzeko deia egin du, Europatik datorren «berrindustrializazioaren trena» hartzeko.
Arlo berriak eta gaurkotuak
Azken hamasei urteetan bi gobernuek adostutako laugarren lankidetza hitzarmena da gaur onartu dutena. Oraingoak gaurkotu eta zabaldu egin du 2021ean Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek berak sinatu zutena, lankidetza beste hamahiru esparrutara hedatuko baita. Denera, 42 lan esparru zehaztu dituzte. Horien artean daude, besteak beste, osasuna, segurtasuna, etxebizitza, azpiegitura, migrazioa, mugikortasuna, kultura eta industria alorrak. Itunak marko orokor bat ezarriko du, eta arlo bakoitzean adostuko diren berariazko hitzarmenek garatuko dute.
Berrikuntzen artean dago, esaterako, trantsizio energetikoarena. Industriaren deskarbonizazioa errazteko edo hidrogeno berdea sustatzeko estrategiez elkarrekin aritzea adostu dute bi gobernuek. Eta batak besteari laguntzea bien interesekoak izan daitezkeen beste hainbat gaitan, hala nola ikuskaritza energetikoan, industriaren efizientzia energetikoan eta itsas energia eolikoan.
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, tren loturak zabaltzea ere jaso dute dokumentuan. Hor sartuko litzateke Araba eta Nafarroa lotzen dituen aldiriko trena, Lautada eta Sakana artekoa, zeina joan den maiatzean jarri zen martxan. Eremu horietan bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak egitea ere jaso dute dokumentuan.
«Protokolo hau Nafarroaren eta Euskadiren arteko adeitasunezko harremanetik harago doa»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria
Lehenengoz jaso dute, halaber, hurbileko merkataritza sustatzeko eta denda txikietan belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko estrategia bat lantzea. Baita lan harremanen eta lan arriskuen arloetan elkarri informazioa ematea ere. Trafikoaren alorrean ere, informazioa aldiro eta bildu ahala emango diote elkarri aurrerantzean bi gobernuek.
Euskararen sustapena bultzatuko dutela esan dute bi agintariek agerraldian, baina dokumentuan ez dute berrikuntzarik jaso. EITBren seinalea Nafarroa osora hedatzeko akordioa berritzea adostu dutela, hori bai, jaso dute. 2016koa da egun indarrean dagoena. Horrekin lotuta, EITBko irratien seinalea zabaltzea ere aztertuko dute.
Dokumentuan ez da abiadura handiko trenari buruzko aipamenik jaso, baina, kazetarien galderei erantzunez, bi agintariek azpimarratu dute Madrilen txostenaren zain daudela euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotunea Ezkion (Gipuzkoa) edo Gasteizen egin erabakitzeko. Txibiteri «nekagarri» zaio erabaki horren zain egotea, eta Pradalesek esan du korapiloa «behingoz» askatzeko garaia dela.
Bi agintariek Gazarako bake ituna ere izan dute hizpide hitzaldietan. Biek ala biek txalotu egin dute akordioa, eta adierazi dute «bakea hurbilago» dagoela horri esker.
LANKIDETZA ITUNA
Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza protokoloak jasotzen dituen berritasunetako batzuk:
- Trantsizio energetikoa. Bektore energetiko berriak, hidrogeno berdea eta industriaren deskarbonizazioa bultzatzea.
Mugikortasuna. Garraio publikoa sustatzea, eta bereziki tren bidezko loturak zabaltzeko aukerak aztertzea. Baita bien lurraldeetatik pasatzen diren errepideetako informazioa bildu ahala elkarri ematea ere.
Merkataritza. Denda txikien iraunkortasuna bermatzea, eta horretarako belaunaldi erreleboa erraztea.
Kultura. Euskadiko eta Nafarroako filmoteken arteko elkarlana eta harremana bultzatzea. Baita bi orkestra sinfonikoen artekoa ere. Euroeskualdeari lotuta, kultura industriak garatzeko estrategia bateratuak ere landuko dituzte.
EITB. Euskal Irrati Telebistaren seinalea Nafarroa osora hedatzeko akordioa berritzea. EITBko irratien seinalea zabaltzeko aukera ere aztertuko dute.
Etxebizitza. Tentsio handiko eremuei lotuta, lankidetza areagotzea, garatutako politikei buruz aritzeko.
Kanpo harremanak. Elkarlanean jardutea lurralde arteko erakundeetan, batik bat Europan. Berariaz jaso dute lankidetzan jardungo dutela Euroeskualdean, Pirinioetako Lan Komunitatean (CTP) eta Mendebaldeko Eremu Funtzionalean (Afomef).
Osasuna. Bortzirietako herritarrek Osakidetzan osasun arta jasotzeko hitzarmena berritzea.
Gizarte politikak. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera ezartzeko koordinazioa lantzea.
Migrazioa. Hego Euskal Herrira iristen diren herritar guztiei «harrera egokia» emateko lan egitea. Helburu horrekin, arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka indartuko da.
- Segurtasuna. Ertzaintzan eta Foruzaingoan ezarritako praktika onei buruz aritzea elkarrekin.