Motelaldia jada iritsi da euskal ekonomiara, baina ez oraindik atzeraldia. Gutxigatik bada ere, hazkunde tasa positibo bati eutsi dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinak: %0,1.
Baina badira uzkurtzen ari diren sektoreak: industriaren jarduera urteko bigarren hiruhilekoan baino %3,3 txikiagoa izan da hirugarrenean, eta familien kontsumoa ere apaldu da (-%1,8), nahiz eta udan ostalaritzak eta turismoari lotutako beste negozioek bete-betean lan egin zuten.
Eustatek zuzendu egin ditu duela aste batzuk aurreratutako kontu ekonomikoei dagozkion datuak. Hamarren bat kendu dio hiruhilekoen arteko datuari (%0,2tik %0,1era), eta urte artekoari (%3,9tik %3,8ra). Azken hori nabarmendu du estatistika erakundeak, askoz hobea delako, baina agerian uzten du 2022. urteak bi zati oso desberdin izan dituela: pandemiaren osteko errebote indartsuarena lehenik, eta Ukrainako gerrak eta inflazio handiak zigortutakoa bigarrenik.
Azken horretan, gorrira egin dute datu ia guztiek. Eskariari dagokionez, atal batek bakarrik izan du hazkunde positiboa: administrazio publikoen ekarpenarena. Hain justu, hori izan zen urtearen lehen erdian tasa negatiboak izan zituen bakarra.
Bigarren hiruhilekotik hirugarrenera txikitu egin da kontsumo pribatua (-%1,8), enpresen inbertsioa (-%3,3) eta kanpo sektorearen ekarpena.
Enplegua, hobeto
Motelaldia iritsi da enplegura ere, baino ez hainbeste. Irailaren amaieran ekainaren amaieran baino %0,3 enplegu gehiago zeuden, lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta. Urtebetean, berriz, %2 hazi da enplegua, hau da, 19.500 lanpostu gehiago daudela.