Makina berriak erosteko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak

BIEMH azokan egon da Mikel Jauregi sailburua, eta han esan du ostiralean irekiko dela laguntzak eskatzeko epea. Renove Smart Industry programak bederatzi milioiko aurrekontua izango du aurten.

Mikel Jauregi sailburua erdian, BIEMH azokaren antolatzaileek lagunduta, gaur, Barakaldoko BECen. IREKIA
Mikel Jauregi sailburua erdian, BIEMH azokaren antolatzaileek lagunduta, gaur, Barakaldoko BECen. IREKIA
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 4a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotan BIEMH makina-erremintaren biurtekoa egiten ari dira Barakaldoko BEC erakustazokan, eta han izan da Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi. Alor horretako enpresei babesa adierazteaz batera, iragarpen bat egin du Jauregik, bisitaldia baliatuta: aurten ere abian jarriko dute makinak berritzeko Renove Smart Industry izeneko programa, eta ostiralean irekiko dute programa horretako diru laguntzak eskatzeko epea.

Makina-erremintaren industriari laguntzea eta aldi berean beste industrien «modernizazio teknologikoa, automatizazioa eta digitalizazio aurreratua bultzatzea» da Renove programaren xedea. Iaz, zortzi milioi euro eman zituzten diru laguntzetan, eta horrek 49,8 milioi euro mobilizatu zituen inbertsio pribatuan, eta 185 proiektutako makineriaren modernizazioa ekarri zuen. Aurten, berriz, handitu egin dute horretara bideratutako diru poltsa, eta programak bederatzi milioiko aurrekontua izango du.

Jauregik azaldu duenez, sektoreak erronka eta zailtasun handiak ditu aurrez aurre: AEBetako muga zergen inguruko politikak ekarritako ziurgabetasuna, Txinaren lehia, energia kostuen handitzea eta, oro har, munduan dagoen ezegonkortasuna. Horregatik, ahaleginak areagotu behar direlakoan dago sailburua: «Euskadik makina-erremintan lider izaten jarrai dezan, inork baino azkarrago egin behar dugu korrika».

Sailburuaren arabera, enpresa txikiak eta ertainak dira Renove programaren xede nagusia, eta, horren bidez, enpresa horien «eraldaketa» bilatzen dute, robotika, adimen artifiziala, biki digitalak eta antzeko teknologia aurreratuak aintzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.