Industriak arnasa eman dio EAEko ekonomiari bigarren hiruhilekoan

Barne produktu gordina %2,1 handitu da, eta enpleguak 13.000 lanpostu inguru irabazi ditu. Adierazleek erakusten dute zerbitzuek indartsu jarraitzen dutela eta industriak atzean utzi duela urte hasierako atzeraldia.

Langile bat Bizkaiko altzairutegi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Langile bat Bizkaiko altzairutegi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 17a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Industriaren susperraldiak arnasa eman dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari. Urteko bigarren hiruhilekoan, hazkunde erritmoari eutsi dio, nazioarteko ziurgabetasun ekonomikoak bere hartan dirauen arren. Eustatek gaur zabaldutako aurrerapenaren arabera, barne produktu gordina (BPG) %2,1 handitu da iazko aldi berarekin alderatuta, eta %0,5 urteko lehen hiruhilekoaren aldean. Urte arteko hazkundea hamarren bat apaldu da (%2,2tik %2,1era), baina hiruhileko arteko erritmoari eutsi egin dio.

Enpleguak ere gorantz jarraitu du. Lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, %1,3 handitu da azken hamabi hilabeteetan, eta horrek 13.000 lanpostu inguru sortzea ekarri du. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %0,4ko hazkundea izan du.

Datuok ikusita, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du ekonomiak «sendo» eusten diola nazioarteko egoerari. Gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoak zortzi hiruhilekoz jarraian izan duela %2tik gorako urte arteko hazkundea, eta bilakaera positiboa izan dutela bai jarduerak, bai enpleguak. Haren esanetan, datu horiek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak urte osorako egindako aurreikuspena: ekonomia %1,9 haztea.

Industriaren susperraldia

Eustatek ez du oraindik sektorekako xehetasunik eman —irailaren 18an argitaratuko ditu—, baina aurrerapenean adierazi du jarduera adar guztien bilakaera positiboan oinarritu dela hazkundea. Beste adierazle batzuek ere norabide hori berresten dute.

INE Espainiako estatistika erakundeak gaur eguneratutako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzuen jarduerak %8,8 egin du gora maiatzera arte, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Azken urteotan ekonomiaren hazkundeari eutsi dion sektorea izan da, eta oraingoan ere bilakaerarik sendoena erakutsi du.

Industriak, berriz, itolarrian hasi zuen urtea: lehen hiruhilekoan %0,9 uzkurtu zen, baina joera hori irauli egin du udaberrian, eta jarduera %4,4 hazi da maiatzera arte. Susperraldi horrek iradokitzen du azken hilabeteetan hobera egin duela kanpo eskariak eta enpresen jarduerak, nahiz eta Europako industria oraindik hazkunde apaleko testuinguru batean murgilduta egon.

Azken bi urteetako bilakaerak ere erakusten du ekonomiaren egonkortasuna. 2024ko hasieratik, EAEko BPGaren urte arteko hazkundea %2 eta %2,4 artekoa izan da etengabe, gorabehera handirik gabe. Hiruhileko arteko tasak ere %0,5 inguruan egonkortu dira azken bost hiruhilekoetan, hazkunde moderatu baina iraunkorraren erakusgarri.

Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak euroguneko batezbestekoaren gainetik hazten jarraitzen du. Europako Banku Zentralaren azken aurreikuspenen arabera, euroguneko ekonomia %0,8 haziko da aurten, eta %1,2 datorren urtean; EAEren kasuan, berriz, Eusko Jaurlaritzak %1,9ko hazkundea espero du 2026rako. Aldi berean, Europako Banku Zentralak ohartarazi du nazioarteko ziurgabetasun geopolitikoak, merkataritza tentsioek eta lehengaien prezioek hazkundea mugatzen jarraitzen dutela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA