Industriaren susperraldiak eta kontsumoak hauspotu egin dute EAEko ekonomia

Udan, hazkunde erritmoa apur bat moteldu da, baina BPGa %2,2 handitu da iazko aldi berarekin alderatuta, eta %0,5 aurreko hiruhilekoaren aldean.

Langile bat Bizkaiko enpresa batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Langile bat Bizkaiko enpresa batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 16a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haizea aldeko duela jarraitzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Industriak urte hasieran galdutako indarra berreskuratzeko bidean segitzen du, eta zerbitzuek ere goranzko joerari eusten diote. Bi sektore horien jarduera adierazle positiboak arrastoa utzi dute EAEko ekonomian: barne produktu gordina (BPG) %2,2 handitu da udako hilabeteetan, iazko aldi berarekin alderatuta, eta %0,5 udaberritik, Eustatek gaur zabaldutako aurrerapenaren arabera.

Haizea alde izan arren, indar txikiagoarekin jo du ekainetik irailera. Ekonomia hazten ari da, baina erritmo apalagoan. Urte arteko tasa hamarren bat txikiagoa izan da bigarren hiruhilekokoarekin alderatuta, eta hiruhileko arteko hazkundea bi hamarren txikiagoa. Horrek ez du esan nahi jarduera uzkurtu denik, baina bai hazkundea pixka bat motelagoa izan dela.

Urteko bigarren erdiko daturik aipagarriena industriaren susperraldia da. Lehen hiruhilekoan, %0,9 egin zuen atzera sektore horren jarduerak. Udaberrian, ordea, joera irauli zuen: %4,4 handitu zen maiatzera arte, INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera. Hobekuntza horrek udan ere eutsi dio. Abuztura arte, industriaren jarduera oro har %7,7 handitu da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta —oso bestelakoa da Nafarroako egoera—.

Dena den, azpisektoreen arabera, oso ezberdinak dira emaitzak, enpresaburuen elkarteek azken agerraldietan nabarmendu dutenez. Adierazle horrek, gainera, ez du berez argitzen zenbateraino handitu den sektoreak BPGari egiten dion ekarpena. Horretarako, Eustatek hirugarren hiruhilekoko kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratu arte itxaron beharko da.

Kontsumoa, funtsezkoa

Zerbitzuek ere goranzko bideari eutsi diote. INEren arabera, sektore horren jarduera %9,4 handitu da abuztura arte, iazko epe beraren aldean. Azken hilabeteetan inflazioak gora egin duen arren, kontsumoak eutsi egin dio, baita udan ere, eta haren bilakaera funtsezkoa izaten ari da ekonomiaren hazkundeari eusteko.

Oro har, eta azken urteetako bilakaerari erreparatuta, hazkunde nahiko egonkorra erakusten dute Eustaten datuek. 2024ko hasieratik, EAEko BPGaren urte arteko tasa %2 eta %2,4 artekoa izan da, eta azken hiruhilekoetako hazkundea ere antzera ibili da. Hiruhileko arteko tasak ere %0,5 inguruan egonkortu dira azken bost hiruhilekoetan, hazkunde moderatu baina iraunkorraren erakusgarri.

Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak eurogunekoak baino hazkunde handiagoa izango duela aurreikusten da aurten. Europako Banku Zentralaren iraileko aurreikuspenen arabera, euroguneko BPGa %0,9 haziko da 2026an, eta %1,4 datorren urtean. Eusko Jaurlaritzak, berriz, %1,9ko hazkundea aurreikusi du EAEko ekonomiarentzat aurten. EBZk ohartarazi du nazioarteko egoera geopolitikoak, merkataritza tentsioek eta lehengaien prezioek ziurgabetasuna areagotzen dutela eta hazkundea mugatu dezaketela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA