Inflazioa %2,8ra jaitsi da abenduan, erregaiak merkatu direla eta

Elikagaien garestitzeak, ordea, gora egin du urtearen amaieran, arrautzen, kafearen eta behikiaren eskutik.

Gasolindegi bat, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU
Gasolindegi bat, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 15a
10:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako prezioen sukarra oso motel ari da jaisten. 2025. urtearen amaieran %2,8an kokatu da urte arteko inflazioa. Tasarik txikiena da 2021az geroztik —iazko abenduan %3,4an zegoen—, baina oraindik Europako Banku Zentralak gogoko duen %2ko mailatik gora dago, eta herritarren egunerokoan eragin handia duten atal batzuetan ez da hobekuntzarik ikusten. Esaterako, elikagaien inflazioa %3,5ekoa zen abenduan, iazkoa baino bi hamarren handiagoa.

Azarotik abendura hiru hamarren jaitsi da urte arteko inflazioa, eta horretan zeresan handia izan dute erregaiek. Nahasia da oso nazioarteko egoera, baina petrolioaren prezioa merkatu egin da azken urtean, ekoizpena kontsumoa baino handiagoa delako. Horrela 2025. urtearen hasieran Brent upela 74 euroan salerosten zen, baina 52 euroan urte horren amaieran. Jaitsiera ez da hain handia izan Hego Euskal Herriko gasolindegietan, baina batez beste 13 zentimo merkatu da gasolioa, eta 11 zentimo gasolina. 

Bilakaera okerragoa izan du energiaren beste atal nagusiak, etxeetako gastuarenak. %8,1 igo zen iaz argindarraren, gasaren eta uraren inflazioa, 2024an bezainbeste. Argindarra horren erantzulea, edo, zehatzago esanda, iazko apirilaren amaieran izan zen itzalaldia. Ordura arte merkatzen ari zen, baina horniduran beste etenik ez izateko, Red Electricak ziklo konbinatuko zentralen ekarpena handitzea erabaki zuen, berriztagarrien kaltetan, eta haiek erretako gasak markatu ditu prezioak tarte handiago batean. Zorionez, maiatzetik abendura merkatu egin zen gasa, eta horrek igoera apaldu du. 

%2,9

 

 

Batez besteko inflazioa. Urte amaierako inflazioa erabili ohi da gehien soldatak eguneratzean, baina batezbestekoak ere pisua hartu du azkenaldian, besteak beste haren arabera kalkulatzen baita zenbat igotzen diren pentsioak Hegoaldean. 2025ean, hamarren bat jaitsi da, %2,9raino. 

Elikagaien inflazioak ere ez du bilakaera onik izan. Ez da iritsi 2022ko eta 2023ko mailara —%15,8 ere igo zen, 2023ko martxoan—, baina beheranzko joera eten egin da: %2,4 garestitzen ari ziren abuztuan, eta %3,5 abenduan. Tasa horretan garrantzi handia dute produktu gutxi batzuek, asko garestitzen ari baitira: arrautzak duela urtebete baino %37,5 garestiago daude, behi haragia %20,6 garestiago, eta kafea, kakaoa eta infusioak, berriz, %17,2. Hiru kasuetan arrazoia bera da, eta ez dagokio soilik Euskal Herriari: ekoizpenak nekez egin dezake bat kontsumoarekin.

behi haragia
Behi haragia Gesalaga enpresaren hozkailuan, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU

Baina badira ekoizpen arazo handirik gabe asko garestitzen ari diren beste elikagai batzuk, eta haien artean daude fruta (%6,2), fruitu lehorrak (%6,7) eta lekale eta barazki freskoak (%3,7).

Kontrara, 2025ean asko merkatu da olioa (-%27), oliben uzta aurreko urteetakoa baino dezente handiagoa izan delako. Azukrea (-%8) eta ogia ere (-%1,3) merkatu egin dira.

%4,4

 

 

Zenbat handitu diren prezioak ostalaritzan. Elikagaien eta argindarraren garestitzeak eragina izan du ostalaritzan ere. Haren prezioak batez beste %4,4 handitu ziren 2025ean. Aitzitik, igoera oso apala izan du aisialdiak eta kulturak (%0,3), eta merkatu egin dira jantziak eta oinetakoak (-%1).

 

aurten inflazioa apaltzea espero da

Aurreikuspenak betetzen badira, inflazio handiaren aroa aurten bertan amaituko da. Haien arabera, urteak aurrera egin ahala prezioen presioa arindu egingo da eta urtea %2 inguruko inflazioarekin amaituko dela uste dute ekonomia iragarleek, eta haien artean Laboral Kutxak. Berez, 

eurogunean jada hurbildu da Europako Banku Zentralak gogoko duen mailara —%2,1ean zegoen azaroan—, eta hortik behera dago Frantzian (%0,8). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.