Inflazioak %3,4ra egin du jauzi erregai garestiengatik

Erosketa saskian hasiak dira igartzen Ormuzko itsasartearen itxiera eta petrolio upelaren garestitzea. Erregaiak iazko martxoan baino %7 garestiago salerosi dira.

Erregaien BEZaren jaitsiera ia ez da igarri martxoko KPIan. ANTONIO GARCIA / EFE
Erregaien BEZaren jaitsiera ia ez da igarri martxoko KPIan. ANTONIO GARCIA / EFE
Irune Lasa.
2026ko apirilaren 14a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin esan ustekabea izan denik; inflazioak puntu oso bat egin du gora martxoan Hego Euskal Herrian, urte arteko tasak %3,4ra egin baitu jauzi otsaileko %2,4tik. Espero zen igoera hori, joan den hilabetean erregaietan izandako garestitzeagatik.

Irango Gerrak eta batez ere Ormuzko itsasartearen itxierak petrolio upelaren prezioa ehun dolarretatik gora jarri zuen gatazka piztu bezain pronto, eta martxoaren bukaeran erregaien gaineko BEZa %21etik %10era murrizteko hartutako erabakiak azken hamar egunetan soilik izan du eragina.

Erregaien gaineko zergen beherapena hurrengo hilabeteetako inflazioan gehiago igarriko dela uste dute adituek, baina, martxoan, urte arteko garestitzea %7,1erainokoa izan da, eta eten egin da azken hilabeteetako beherakada. 2023ko urte hasierara joan behar da erregaietan martxo honetakoa baino inflazio tasa handiagoa ikusteko.

Argindarraren prezioak ere nabarmen egin du gora martxoan Hego Euskal Herrian. Horren adierazle da berokuntza, argiztapena eta ura hartzen dituen indizea %3,2ra igo izana. Eten da, beraz, urtarrilean (+%1) eta otsailean (-%0,9) indize horrek hartutako beheranzko joera.

Elikagaiak beherantz

Badira, hala ere, behera egin duten prezioak, eta nabarmentzekoa da elikagaien urte arteko inflazioa %4,3tik %3,4ra jaitsi izana. Hala ere, salgai batzuk garesti daude oraindik: behikia iaz baino %16 garestiago salerosi da martxoan, eta arrautzak, %22,6 garestiago.

Oraingoz, badirudi petrolio upelaren eta gas naturalaren prezioen igoerak ez duela eragin handirik izan erosketa saskiko beste arloetan, baina, hala ere, antzeman da ziurgabetasunaren eragina prezioetan. Horrela, erregaiak eta elikagai freskoak aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazioak hiru hamarren egin du gora martxoan, %2,6tik %2,9ra.

Nastatek kalkulagailu bat sortu du

Nastat Nafarroako estatistika erakundeak kalkulagailu bat sortu du epe jakin batean Nafarroako KPIa zenbat igo den berehala neurtzeko eta horren arabera errentak zenbat eguneratu behar diren jakiteko. Herritarrek Nastaten webgunean aurki dezakete erreminta hori. Adibidez, kalkulagailuaren arabera, 2002tik 2026ra, inflazioa %72,3 handitu da: hala, garai hartan hilean 1.000 euro kobratzen zituen pertsona batek gaur egun 1.723 euroko errenta izango luke, KPIa erabat eguneratuz gero. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA