Uber ezustean iritsi da Donostiara, eta horri ahal duten moduan erantzuten ari dira erakundeak eta taxi gidariak. AEBetako konpainia Gipuzkoan ibilgailu gidaridunen (IG) garraio zerbitzua ematen ari dela «errealitate bat da», atzo Jon Insausti alkateak adierazi zuen moduan; uste du onena hori kudeatzea dela, taxilariekin «baldintza berdinetan» lan egin dezaten.
Karguan ehun egun daramatzala eta, agerraldia egin zuen atzo Insaustik, eta, besteak beste, hizpide izan zuen pasa den asteazkenetik Donostian den zerbitzu berria. «Ikaratu beharrean, egin dezakegun onena onartzea eta kudeatzea da, ziurtasunak eskaintzeko erabiltzaileei eta taxiaren sektoreari», hasi zen alkatea. Azaldu zuen euren helburua dela hiriko taxien zerbitzua ahalik eta onena izatea, «donostiarrentzako onena».
Insaustiren iritziz, Uberrek eta taxiek «baldintza berdinetan» egin beharko lukete lan, eta, horretarako, «joko arau berak» izan behar dituzte.
Haren iritziz, beste alor batzuetan ere badaude antzeko bikoiztasunak; esaterako, lana topatzeko balio duten Lanbide eta Linkedin, edo Internet bidezko salmentarekin elkarbizitzen diren kaleko komertzioak: «Uber herritarren egunerokoan aurkeztu den berrikuntza teknologiko bat gehiago da».
Bilera martxoan
Azken egunetan Uberren iritsierari oniritzia eman diote CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak eta Lehiaren Euskal Agintaritzak. Erakunde horien ustez, Uberrek sektorearen funtzionamendua hobetuko du, eta mesedegarria izango da herritarrentzat, «mugikortasun alternatiba gehiago izango dituztelako, eta baldintza hobeak ere bai kalitateari, berrikuntzari eta prezioari erreparatuz gero». Uste dute legediak ez lizkiekeela oztopoak jarri beharko herritarren intereserako zerbitzu bat eskaini nahi dutenei.
Horri buruz, ñabardura bat egin du Insaustik, eta esan du beharrezkoa dela Uberrek Gipuzkoan jarduteko darabilen lege oinarria ezagutzea, «erabaki onenak hartzeko». Izan ere, momentuz, Uber Bizkaiko Foru Aldundiaren lizentziekin ari da. Horrek gatazka juridikoa piztu dezake, Gipuzkoako Aldundiak urteotan etengabe ukatu baitie baimena IG enpresei lurraldean aritzeko. Uberren ustez, ordea, azken urteetako ebazpenek arrazoia ematen diote, eta jarduteko aukera du.
Azken egunotan taxiaren sektoreko kideekin bilerak izan ditu Insaustik —haiek ez dute baztertu mobilizazioei ekitea—, eta Uberrekin «lehen hartueman bat» ere bai. AEBetako konpainiarekin martxoaren hasieran egitekoa da bilkura bat, hirian nola sartu diren eta zein araudirekin ari diren aztertzeko.