Interes tasak hamar aldiz igo ostean, EBZ etenaldi bat egitekotan da

Bilera du gaur banku zentralak, eta ez da espero diru politikan aldaketarik egitea. Inflazioa %4,3 jaitsi zen irailean, eta urrian gehiago jaitsiko dela iragarri dute. Hazkunde ekonomikoa asko moteldu da

Europako Banku Zentralaren egoitza nagusia, Frankfurten, artxiboko irudi batean. ROLAND WITTEK / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eta hamaikagarren egunean, atseden hartu zuen. Oso lanpetuta ibili da azken urtean EBZ Europako Banku Zentrala. 2022ko uztaileko bileran interes tasak igotzen hasi zenetik, bildu den beste bederatzi aldietan diruaren prezioa handitu du, bizkor hasieran eta motelago gero. Gaur du hamaikagarren bilera, eta, ustekabe handirik ez bada, interes tasa ofizialak %4,5ean uztea erabakiko du. Baina ohar bat ere egingo die lehenbailehen tasak jaistea eskatzen ari direnei: ez da halakorik izango epe nahiko luzean. Are gehiago, ezer egitekotan, tasak are gehiago handituko ditu, inflazioa behingoz jaitsiko dela bermatzeko.

Frankfurteko dorrean bildu beharrean, Atenasen dabiltza aste honetan Christine Lagarde eta haren lankideak. Baina ez da espero ohiko agertokiaren aldaketak banku zentralaren mezua ere aldatzea. Inflazioari buruzko kezka azaleratzekoa da Lagarde, eta interes tasen igoera bere helburua betetzen ari dela gaineratu beharko luke. Izan ere, banku zentralaren azken datuek diote bankuek enpresei eta herritarrei emandako maileguak urritu egin direla, eta horren ondorioz ari dela ekonomia hozten eta inflazioa apaltzen.

Iraileko bileran, Lagardek esan zuen EBZren asmoa ez zela atzeraldi ekonomikoa eragitea, baina horren bidean dago eurogunea. Aurtengo bigarren hiruhilekoan %0,2 hazi zen, baina hirugarrenean kopuru horretara iritsiko den ziurtasunik ez dago. Asteartean kaleratutako PMI indize aurreratuak iragarri zuen enpresen jarduera are gehiago apaldu dela; 46,5 puntura iritsi zen, azken 35 hilabeteetako daturik okerrena.

Giro ekonomiko goibelak apaldu egin du interes tasak gehiago handitzeko grina, eta gauza bera egin dute inflazioari buruzko azken datuek. Irailaren amaieran, Eurostatek iragarri zuen euroguneko inflazioa %5,2etik %4,3ra jaitsi zela abuztutik irailera.

Urriko datua datorren asteartean kaleratuko du Eurostatek, eta beste beherakada bat adieraztea espero da, iazko udazkenean jo zuelako goia prezioen igoerak—urrian, %10,6ra heldu zen—, eta aurten energia orduan baino merkeago dagoelako.

Azaroan, apalago

Azaroan ere inflazioa apaltzea espero da, baina zalantza gehiago daude hortik aurreragoko datuei buruz eta, batez ere, noiz helduko den azkenean inflazioa EBZk egokitzat jotzen duen mailara, %2ra. Banku zentralaren beraren aurreikuspenek diote aurtengo batez bestekoa %5,6koa izango dela, eta %3,2koa, berriz, 2024koa. Prebisio hori betez gero, 2025 arte itxaron beharko da inflazioa bankuarentzat onargarria den maila batera gerturatzeko —%2,1—.

Ordurako, baina, interes tasak apalagoak izatea espero da. EBZren jarduna jarraitzen duten analistek uste dute banku zentralak interes tasak bi aldiz jaitsiko dituela datorren urtean.

EBZko kontseiluko kideek beste gai bat izango dute mahai gainean: bankuaren balantzea. 2015eko martxotik jarduera ekonomikoa sustatzeko —eta bide batez euroguneko herrialdeei beren burua finantzatzen laguntzeko— 3,1 bilioi euroren zor publiko eta pribatua erosi zuen EBZk, eta beste 1,7 bilioi erosi zituen 2021an eta 2022an pandemiari aurre egiteko. Zama hori arintzen hasi da EBZ, bonu batzuk berriro inbertitzeari utzi baitio, baina bizkorrago egiteko presioak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.