Interes tasak jaisteari utzi, eta bere hartan laga ditu Erreserba Federalak

Donald Trump presio egiten ari zaio banku zentralari diruaren prezioa merkatu dezan. Erabakia ez da aho batez hartu, hamabi kideetatik bik tasak jaistearen alde egin baitute. Powellek garrantzitsutzat jo du Erreserba Federalaren independentziari eustea.

Jerome Powell, Erreserba Federaleko presidentea. SHAWN THEW / EFE
Jerome Powell, Erreserba Federaleko presidentea. SHAWN THEW / EFE
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 28a
21:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi eguneko bilkura luzearen ostean, AEBetako Erreserba Federalak bere hartan utzi ditu erreferentziazko interes tasak, %3,5 eta %3,75 artean. Azken hiru bilkuretan %0,75 merkatu du diruaren prezioa, baina oraingo honetan beheranzko joera geratzea erabaki du Merkatu Irekiko Batzorde Federalak. Erabakia, baina, ez da aho batez hartu: hamar kidek diruaren prezioa ez jaistearen alde bozkatu dute, eta bik, beste puntu laurden jaistearen alde.

Bilkuraren iraupenak agerian uzten du nolako presioa jasaten ari den banku zentrala. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidenteak jomugan du Jerome Powell Erreserba Federaleko presidentea, eta, gainera, presio egiten ari zaio erakundeari tasak jaits ditzan. Presio politiko hori bozketan bertan islatu da. Izan ere, interes tasak jaistearen alde egin duten batzordeko bi kideak Trumpen aldekoak dira: Christopher Mullen Powellen eserlekuan jartzeko hautagaietako bat da, eta Stephen Miranek Etxe Zuriko aholkulari ekonomikoa izateari utzi zion irail amaieran, Erreserba Federalera jauzi egiteko.

Erreserba Federalak ohar bidez jakinarazi du ekonomia «sendo» hazten ari dela; aitzitik, kezka azaldu du inflazioaren bilakaerarekin, «nolabait altu jarraitzen baitu». Europako Banku Zentralak ez bezala, Estatu Batuetan, Erreserba Federalak, kontsumo prezioaren indizea kontrolatzeaz gain, hazkunde ekonomikoa suspertzea ere nahi du. Hala, aurreko bilkuretan, lan merkatuaren «beheranzko arriskuak» handitzen ari zirela zioen, baina oraingoan kendu egin du adierazpen hori. «Lanpostu gutxi sortzen dira oraindik ere», esan du.

New Yorkeko burtsak muzin egin dio erabakiari, eta apenas izan den aldaketa esanguratsurik albistea jakin eta gutxira. Tasen jaitsiera hobesten dute inbertitzaileek, eta diruaren prezioari eustea ez da haientzat berri ona.

Powellen azalpenak

Ez da oso ohikoa Erreserba Federalak azalpenak ematea, baina, testuinguru politiko bereziaren adierazle, Jerome Powellek prentsaurrekoa egin du erabakiaren ondoren. Esan du aurreko hiru bileretan interes tasak %0,75 beheratu ostean «maila egokian» daudela oraintxe. Powellek azpimarratu du Erreserba Federalak bi egiteko nagusi dituela: prezioak %2tik gertu izatea eta ahalik eta lanpostu gehien sortzea.

Bi helburu horiek lortzeko «objektiboki eta zintzo» lan egingo dutela adierazi du, Etxe Zuriari keinu eginez eta haren presio politikoen aurrean bere bidetik joko duela adierazi nahirik.

«Independentzia galtzen baduzu, lehenik eta behin, oso zaila izango da erakundearen beraren sinesgarritasuna berreskuratzea»

JEROME POWELL Erreserba Federaleko presidentea

Erreserba Federalak hizkuntza hertsia erabili ohi du normalean, baina kazetarien galderei erantzuteko argi mintzatu da Powell. Izan ere, Trumpek Auzitegi Gorenera jo du Lisa Cook Erreserba Federalako kidea kanporatzeko. Horri buruz galdetuta, Powellek erantzun du «beharbada Erreserba Federalaren 113 urteko historiako auzibiderik garrantzitsuena» dela hori. 

Erreserba Federaleko presidentetzan jarraitzeko erabakia hartu ote duen ere galdetu diote: «Ez, ez dut horri buruzko berririk zuentzat», ihardetsi die kazetariei. «Helduko dira horretarako tokia eta garaia, baina ez da gaur izango». 

Autonomia arriskuan

Etxe Zuriaren eta Erreserba Federalaren arteko pultsu politikoaren sakonean, erakundeak berak erabakiak hartzeko duen autonomia dago. Horri buruz galdetuta, Powellek esan du banku zentralen independentziaren funtsa ez dela bertako agintarien botereari eustea, baizik eta botere exekutiboaren eta diru politikaren arteko eremuak bereizita egotea. Gogora ekarri du praktika hori ohikoa dela demokrazietan. «Hori galtzen baduzu, lehenik eta behin, oso zaila izango da erakundearen beraren sinesgarritasuna berreskuratzea», ohartarazi du.

Muga zergek prezioetan izan dezaketen ondorioaz ere galdetu diote. Powellen arabera, aurten goia joko du, eta ondoren beherantz egingo du. «Uste dugu muga zergek bere hartan jarraituko dutela eta igoera bakarra izango dela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.