Merkatuek esperotakoa bete du Kevin Warsh Erreserba Federaleko buruak, eta ez Donald Trumpek behin eta berriz eskatutakoa. Diru Politikarako Batzordeko kideen ahobatezko babesa duela, Erreserba Federalak interes tasak puntu laurden igo ditu gaur arratsean, eta, hala, helburu tartea %3,7-%4 tartera jaso.
AEBetako banku zentralaren ustez, kontsumo gai aldakorrenak kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioa %3,4koa izan da urte bukaeran, ekainean aurreikusitakoa baino handiagoa. Horri begira, zabalik utzi du urtea amaitu aurretik interes tasak beste puntu laurden bat igotzeko aukera.
Erreserbak dio ziurgabetasuna handia dela, «gertakari geopolitikoen ondorioz». Uste du, aldi berean, barne eskaria sendoa dela AEBetan, produktibitatea indartsu handitzen ari dela eta kapital inbertsioaren martxa ona dela. Beraz, Warshen aburuz, prezioen egonkortasunean jarri behar da arreta.
Trump, berriz, interes tasak jaisteko kanpaina egiten aritu da etengabe, eta, horri buruz galdetuta, Warshek erantzun du ez duela zer esatekorik AEBetako presidentearekin hitz egindakoei buruz.