Oraindik ere herriko saltokiak dira lehen aukera hainbat herritarrentzat. Baina jende askok Internet bidez erosten du, etxetik mugitu gabe, eta eskaria etxean bertan jasotzen du. Hala ere, bada beste aukera bat, gero eta ohikoagoa, eta akaso, erdibideko zerbait: erosketa Internet bidez egin, eta paketea herriko denda batean jasotzea. Hori egiteko joera handitzen ari da, baina ez da kontu berria. «Guk duela 30 urte jarri genuen dendan paketeak jasotzeko leku bat. Baina, orain, ikaragarrizko nahaspila sortu da», esan du Amalurrek [abizena ez du eman nahi izan], Tolosako Kopibat dendako langileak.
Hego Euskal Herrian, Correosekin batera, Seur da zerbitzu hori ematen duen enpresa handienetako bat, eta horren bidez funtzionatzen du Kopibatek ere. Geopost etxearen barruan dago Seur —gehienbat Europan aritzen da Geopost—, eta, hark emandako datuen arabera, aurtengo lehen seihilekoan iazkoan baino %26 gehiago izan dira etxetik kanpora egin dituzten bidalketak.
Txostenean argi adierazi dutenez, bada asko ugaritu den beste aukera bat ere: armairu kaxoidunak (locker). Geopostek ditu halakoak, eta asko zabaldu dira: esaterako, iaz halako hiru dira aurten. Armairu horiek QR kode bidez funtzionatzen dute, eta soilik banatzaileak eta bezeroak ireki dezakete kaxoia.

Garai batean, herritarrek ez zuten asko erabiltzen paketeak jaso eta entregatzeko zerbitzu hori. Amalurrek azaldu duenez, lehen, «enpresa munduari» zuzendua zegoen gehiago: «enpresek paketeen banaketa zerbitzu bidez eramaten zituzten piezak konpontzera, adibidez». Eta haren arabera, herritar arruntek oso noizean behin erabiltzen zuten. Baina hori aldatu egin da: «Orain 1.000 pakete baino gehiago mugitzen ditugu hilean».
Hala ere, Amalurren arabera, «garai batean irabazten zenaren erdia» irabazten da orain. «Garai batean, dirua ateratzen zen. Bezeroa paketearekin etortzen zen, eta guk pisatzen genuen, guk hartzen genizkion neurriak, guk deitzen genion banatzaileari, eta guk kobratzen genion bezeroari. Baina gaur egun hori dena online egiten da».
Pakete gehiago, etekin txikiagoa
«Gaur egun enpresa ia denek —handiek bereziki— Internet bidez saltzen dute gehien», dio Amalurrek. Eta, hortaz, kostuak ere merkeagoak dira. «Nik gogoratzen dut orain dela hamabost urte Madrilera gutun bat bidaltzea hogei euro zirela; gutun bat! Eta gaur egun zapatila batzuk Paristik bidaltzen dizkizute eta bidalketa 2,90 euro ordaintzen duzu». Dendak banaketa enpresarekin negoziatzen du bidalketak balio duenaren ehuneko zenbat egokitzen zaion. Ehuneko txikia izaten da.
«Nik gogoratzen dut orain dela hamabost urte Madrilera gutun bat bidaltzea hogei euro zirela; gutun bat! Eta gaur egun zapatila batzuk Paristik bidaltzen dizkizute eta bidalketa 2,90 euro ordaintzen duzu»AMALUR
 Kopibat dendako langilea
Bidalketak balio duen horrekin banatzaileari ere ordaindu behar zaio, eta, gainera, enpresak jarraitu beharra du negozioa egiten. Amalurrek berak ikusten duenari erreparatuz, adierazi du banatzaileen egoera ez dela batere ona. Esan du behartuta daudela «estres handiarekin eta oso erritmo bizian» lan egitera. Pentsa daiteke horrelako entrega lekuak jartzea onuragarria izan daitekeela banatzaileentzat, baina Amalurrek ez du uste hala denik: «Entrega lekuek ez diete mesederik egiten; are gehiago, hortik dator haien kexetako bat. ‘Zure eta nire artean mila pakete mugitzen ditugu, eta nik ez dut honetatik sosik ere ikusten’, esan zidan haietako batek».
Paketeak entregatzeko eta jasotzeko lekuak onuragarriak dira bereziki banaketa enpresentzat. Hala azaldu du Fernando Zubillaga Euskadiko Mugikortasun eta Logistika klusterreko gerenteak: «Enpresentzako sistema hau ona da entrega kopurua gutxitzeko, huts eginiko entregak ere gutxitzeko, banatzaileen ibilbideak optimizatzeko eta ibilbide horietan ezbeharrak ez izateko ere. Gainera, enpresek lan kargak eta floten kudeaketa optimizatu ditzakete, eta horrek abantailak ekar diezazkieke, hala nola efizientzia handiagoa, kostu operatibo txikiagoak eta eskari handiko garaiei aurre egiteko erraztasunak».
Bezeroentzat ere erosoagoa izan daitekeela diote biek. Zubillagaren arabera, «kontsumitzaileak hobekien datorkionean jaso dezake paketea», eta, gainera, aukera ematen dio hainbat eskari toki berean pilatzeko. Kopibateko langilearen arabera, «inor ez dago etxean 24 orduz», eta, beraz, zerbitzu honek malgutasuna eskaintzen dio bezeroari.
Kontzientzia ariketa
Amalurren ikuspegitik, «kontzientzia falta ikaragarria» du jendeak. Komertzio txikien iraupenarekin eta kontsumo ohiturekin lotu du, baina baita itzulketekin ere: «Ez da posible jendeak jantzi bera hiru neurritan erostea jakinik horietako bi itzuli egingo dituela. Benetan? Ez da logikoa, eta horrek nonbaitetik lehertu beharra dauka».
Paketeak jasotzeko lekua izateaz gain, pakete horiek itzultzeko gune bat ere bada Kopibat. «Nik uste dut lehen jendeak ez zituela horrenbeste itzulketa egiten, baina azkenaldian…». Amalurrek adierazi du enpresak diru kopuru finko bat ematen diola dendari itzulketa zerbitzua ere eskaintzeagatik, baina hori aldatzeko negoziazioetan dihardute, asko direlako itzulketak eta ikaragarrizko nahaspila sortzen ari delako.
«Enpresek lan kargak eta floten kudeaketa optimizatu ditzakete, eta horrek abantailak ekar diezazkieke, hala nola efizientzia handiagoa, kostu operatibo txikiagoak eta eskari handiko garaiei aurre egiteko erraztasunak»
FERNANDO ZUBILLAGA Euskadiko Logistika klusterreko gerentea
Erosketa ohiturak aldatu egin dira, eta Amalurrek iritzi du eredu horiek «jasanezinak» direla epe luzera. Dena den, haren ustez, entrega lekuak ez dira komertzio txikien egoera txarraren eragile. Eta hau gaineratu du: «Horrelako entrega lekuak egon zein ez, nik uste dut herritarrek ohitura hori jada barneratu dutela».
Beste alde batetik begiratu die herriko saltokiei Zubillagak, eta esan du tokiko komertzioa ere gero eta gehiago ari dela horrelako zerbitzuak eskaintzen, baita bidalketak egitea ere. «Gaur egun herriko denda asko bilakatu dira paketeak jasotzeko leku. Zerbitzu hori eskaintzen dute dendara jendea erakartzeko, haien jarduna dibertsifikatzeko eta haien bezeroei aukera berriak eskaintzeko».