Iparlaten %17,16 Finkatuz-en esku geratu da

Esneki enpresaren parte hartzea Socaderen esku zegoen, baina Jaurlaritza funts hori likidatzen ari da.

Iparlaten lantegi nagusia, Urnietan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iparlaten lantegi nagusia, Urnietan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 24a
13:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere parte hartze industrialak egokitzen ari da Eusko Jaurlaritza. Horrela egin du Iparlaten akzioen %17,16rekin. Socaderen esku zeuden, Jaurlaritzak berak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek enpresen garapena sendotzeko sortutako funts publikoaren esku. Aurrerantzean, berriz, Finkatuz funts publikoaren eskura igaroko dira. Enpresen errotzea bermatzea eta epe luzerako hazkundea lortzea da Finkatuz-en egiteko nagusia.

«Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen aktibo estrategiko batek, Iparlatek, tresna publikoaren laguntzarekin jarraituko du, eta haren jarraipena bermatuko, epe luzeko ikuspegi estrategikoan oinarrituta», argudiatu du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak, agiri baten bitartez. Ez du azaldu operazioak zer kostu izan duen, baina pentsatzekoa da Jaurlaritzak dirua ordaindu behar izan diela aldundiei, Socaderen bitartez zuten Iparlaten jabetza erosteko.

Iparlatek Urnietan du egoitza nagusia (Gipuzkoa), eta batez ere esne ontziratua ekoizten du, baina azken urteetan landarez egindako edariak ere ekoizten hasi da. Mercadona da haren bezero nagusia —Urnietan tratatzen eta ontziratzen dute Hego Euskal Herrian bere markarekin saltzen duten esnea—, baina Eroskirentzat ere lan egiten du, eta Kaiku eta Gurelesa marketako esnea ere merkaturatzen du. Kaiku kooperatibako abeltzainak dira akziodun nagusiak (%51), eta haren atzetik datoz Nafarroako Rural Kutxa (%20,17), Kaiku korporazioa (%9,64), eta Agrocantabria (%2,03).

Finkatuz-en operazioak

Kaiku kooperatiba eta izen bereko korporazioa ez dira gauza bera. Kooperatiba Euskal Herriko abeltzainek sortu zuten beren esnea merkaturatzeko, baina haiek sortutako enpresaren akziodun nagusia Suitzako Emmi enpresa da gaur egun.

Hain zuzen ere, Finkatuz bera Kaiku korporazioko akzioduna ere bada (%7,3) 2019. urteaz geroztik. Finantzen Euskal Erakundeak egindako bigarren operazioa izan zen hura —hark kudeatzen du Finkatuz—, eta epe luzerako inbertsio bat izan zela nabarmendu zuen Pedro Pedro Azpiazuk, orduko Ogasun eta Ekonomia sailburuak.

Lehen operazioa, berriz, CAFen akzioen %1,24 Kutxabanki erostea izan zen, 2018an, baina orduz geroztik %3ra iritsi da Finkatuz-en parte hartzea. 2022an ITP Aeron sartu zen Finkatuz (%6), baina gero hutsune handi bat izan zen, 2025ean Grupo Aranian, Ohmnian eta Innometalen sartu zen arte.

Azken hilabeteetan apustua handitu dute Jaurlaritzak eta Finkatuz-ek, enpresa handi batzuen partaidetzak eskuratu dituelako: Artecheren %6,4, Talgoren %7,8 eta Ayesa IT-ren zati bat ere baditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA