Irango krisiari aurre egiteko neurriak onartu ditu Espainiako Kongresuak

JxCk aldeko botoa eman du azkenean, eta PP abstenitu egin da; soilik Voxek bozkatu du aurka. Neurri gehienak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.

Gasolindegi bateko langilea, prezioak aldatzen. SERGIO ORDUÑEZ / EFE
Gasolindegi bateko langilea, prezioak aldatzen. SERGIO ORDUÑEZ / EFE
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 26a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aste Santu ona igaro», ozen esan, eta irribarre handi batekin agurtu ditu Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidenteak gainerako diputatuak, oporraldiaren aurreko azken osoko bilkuran. Eztabaida nola joan den ikusita lasaitua hartu du Armengolek, baina, bereziki, Espainiako Gobernuak, ohi baino errazago atera baitu aurrera Irango krisiari aurre egiteko aurkeztutako dekretua. Bazkide guztien babesa jaso du, baita azkenaldian zenbait neurriren aurka bozkatu duen JxC Junts per Catalunyarena ere. Gainera, PPk ere ez du ezezkorik eman; abstenitu egin da.

Dekretua lege proiektu gisa tramitatuko da; hau da, ez da testu itxi bat, eta, hortaz, taldeek aldaketaren bat negoziatu eta sartu ahal izango dute. Hori egin bitartean neurriak indarrean egongo dira. Egitasmoak aldeko 175 boto jaso ditu —PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ, JxC, BNG, CC, UPN eta Compromis—, 141 abstentzio —PP eta Podemos—, eta Voxen 33 ezezko.

Gobernuaren babesleen artean, JxCena zen erabat argi ez zegoen boto bakarra. Hala ere, Pedro Sanchezen exekutiboak ez du esfortzu handirik egin behar izan Kataluniako alderdiaren aldeko botoa jasotzeko. PSOEk babestu egin beharko du urtean 85.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten langile autonomoen BEZa murriztea defendatzen duen legez besteko proposamen bat.

Egitasmoan guztira 80 neurri jaso dituzte, eta energien garestitzeari erantzutea dute xede: erregaien eta argindarraren BEZaren jaitsiera, erregai profesionalarentzako deskontuak, bonu sozialen indartzea, laguntzak sektore ekonomikoetarako eta enplegua babesteko neurriak. Gehienak ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.

Hala ere, egitasmo horretan ez dituzte jaso 2023an Ukrainako gerrak eragindako inflazio handiari eusteko bultzatutako neurri batzuk —elikagaien BEZarekin loturikoak, esaterako—, ezta etxebizitzari buruzkoak ere, gobernuko partaide den Sumarrek eskatu zuen moduan. Hori, azkenean, beste dekretu batean aurkeztuko du gobernuak, baina aurrerago, Kongresuko taldeen babesa lortze aldera. Dena den, JxCk jada aurreratu du ez duela babesa emateko asmorik.

«Anbizio falta»

Funtsean, alderdi guztiek begi onez hartu dituzte Irango gerrak eragindako krisi energetikoari aurre egiteko Espainiako Gobernuak aurkeztu dituen neurriak. «Ausartago» jokatu ez izana baino ez diote leporatu; horixe adierazi diote, esaterako, EH Bilduk eta EAJk.

EH Bilduko Oskar Matuteren ustez, «akatsa» izan da energien BEZa jaitsi aurretik prezioen «benetako kontrola» ezartzeko neurriak ezarri ez izana. EAJko Idoia Sagastizabalek, berriz, «anbizio falta» leporatu dio gobernuari; haren iritzian, erregai fosilekiko mendekotasuna zuzentzeko «koordinazio eta elkarrizketa gehiago» behar dira.

Sumarreko eta Podemoseko eledunek, ostera, faltan bota dituzte etxebizitzari buruzko neurriak. Eta PPren iritzian, Espainiako Gobernuaren erantzuna «berandu» dator, eta «ez da nahikoa».

Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak defendatu egin du egitasmoa. Adierazi du orain arte Europako Batasunean onartutako neurri sorta «osoena» eta «anbiziotsuena» dela.

NEURRI NAGUSIAK

Erregaiak

  • BEZa %21etik %10era jaitsiko dute.
  • Hidrokarburoen zerga berezia ere murriztuko dute, Europako Batasunean onartutako gutxienekora arte. Gasolinan 11-12 zentimoko murrizketa, eta gasolioan, bost zentimokoa.

  • Litroko hogei zentimoko deskontua sektore hauentzat: garraiolariak, nekazariak eta arrantzaleak.

  • Nekazariek laguntza baliokide bat izango dute ongarriak erosteko.

  • Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) ahalmen handiagoa izango du prezioak kontrolatzeko eta zigorrak jartzeko.

Argindarra eta gasa

  • BEZa %21etik %10era jaitsiko dute.

  • Argindar sorkuntzaren zerga (%7) kenduko dute.

  • Argindarraren zerga berezia murriztuko dute, %5,11tik %0,5era.

  • Industria elektrointentsiboentzat deskontuak ezarriko dituzte sarearen erabileragatik.

  • Gasaren, egurraren eta pelleten BEZa ere %10era jaitsiko dute.

  • Butanoaren eta propanoaren prezioak izoztuko dituzte.

Bonu sozialaren hobekuntzak

  • Familia zaurgarriak: %42,5eko deskontua. Oso zaurgarriak: %57,5.
  • Bonu termikoa handituko dute (+50€ gutxienez).
  • Debekatuta egongo da hornidura etetea (ura eta energia).
  • Neurria 2026ko amaierara arte indarrean.

Auto elektrikoak eta karga lekuak

  • %15eko kenkaria errenta zergan (Espainian). Hego Euskal Herrian jada badaude halako kenkariak: %30ekoa elektrikoentzat, %5ekoa hibridoentzat, eta %15ekoa kargalekuak instalatzeko. EAEri dagokionez, kenkaria %15ekoa da ibilgailu elektriko eta hibrido entxufagarrietarako —54.450 eurotik beherako ibilgailuetan soilik—, eta %15ekoa, kargalekuak jartzeko.

Berriztagarriak

  • Eguzki plakak eta bestelako instalazioetarako kenkariak.
  • Autokontsumo partekatua bultzatuko da.
  • Administrazio prozesuak sinplifikatuko dira.

Lan arloa

  • Laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek ezin izango dute kaleratze kolektiborik egin.
  • Enpresa handiek —200 langiletik gorako enpresa guztiek edo txanda bakoitzeko 100 langile dituztenek— mugikortasun jasangarriko planak egin beharko dituzte.

 

 

 

 

 

     

     
    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!