Irizarren autobus berriaren energia kontsumoa %10 apalagoa izango da

Parisen egiten ari diren Mobco azokan aurkeztu dute Irizar Ie Tram Efficient izeneko ibilgailua. Modelo berria «eraginkorragoa, fidagarriagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa» da, enpresaren esanetan.

Irizar Ie Tram Efficient autobus modelo berria. IRIZAR
Irizar Ie Tram Efficient autobus modelo berria. IRIZAR
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 9a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irizar Ie Tram Efficient: halaxe du izena Irizar enpresaren autobus berriak. Eta Pariseraino joan da modelo hori aurkeztera: zehazki, han egiten ari diren Mobco azokara. Izenak iradokitzen duen moduan, Efficient gamakoa da, eta lehenagotik merkaturatutako Irizar Ie Bus Efficient izeneko autobus motaren arrastoari jarraitzen dio. Ibilgailu «eraginkorragoa, fidagarriagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa» da, enpresaren esanetan, eta haren energia kontsumoa %10 apalagoa izango da aurreko ereduarena baino.

Izan ere, ibilgailu berriaren eraginkortasuna nabarmendu du konpainiak aurkezpenean: energia gutxiago kontsumitzeaz gain, askoz arinagoa da, 1.000 kilo gutxiago pisatzen baitu, motor trinkoagoa du, eta klimatizazio sisteman ere hobekuntzak egin dituzte. Ibilgailuak erabiltzen dituen bateriak «punta-puntakoak» dira, eta haren fabrikazioan erabilitako materialen %50 baino gehiago birziklatuak dira.

Aurreko aldeko diseinua aldatuta, gidariaren ikusgaitasuna hobetzea izan dute xede, eta ateak ere zabalagoak dira, bidaiari guztiek aukera izan dezaten «erosoago eta bizkorrago» sartzeko. Ibilgailu arinagoa da, eta altuera jaitsi egin diote, hirietako gune historikoetan sartzeko arazorik ez izateko, baina, altuera murriztuagatik ere, ez dute edukiera gutxitu: aitzitik, modelo berrian %5 bidaiari gehiago sartzen dira.

Mantentze lanak

Ibilgailuek behar dituzten mantentze lanak ere kontuan hartu dituzte modelo berria diseinatzean. Konpainiak adierazi diuenez, «hobekuntza nabarmenak» egin dituzte kostuak apaltzeko eta mantentze denborak murrizteko, eta, esaterako, modelo berrian errazagoa da karrozeriako osagaiak ordezkatzea.

Teknologiari ez ezik, kanpoko itxurari ere garrantzi handia eman diote Irizarren modelo berria diseinatzeko orduan, eta Irizar Ie Tram motako autobusen kanpoko itxura «dotore eta abangoardistari» eutsi diote modelo berrian, «berrikuntzaren eta teknologiaren sinonimo» gisa.

Irizar Ie Tram Efficient modelo berria merkaturatuta, «berrikuntzan eta teknologian jauzi bat» egin nahi izan du Irizarrek, eta, hala, «hiri garraioaren eraldaketarekin duen konpromisoa indartu». Enpresak azaldu duenez, «hiri jasangarriagoak, bizigarriagoak eta pertsona ardatz izango dutenak sortzen laguntzea» jarri dute helburutzat.

Enbatari eutsi

Ez dira garairik onenak autogintza sektorerako, baina badirudi Irizar ongi eusten ari zaiola enbatari: martxora arte, 49 milioi euroren salmentak izan zituen, hau da, 2025eko lehenengo hiru hilabeteetan baino sei milioi gehiagorenak. Iazko martxoko datuekin alderatuta, %115 handitu dira Irizarren salmentak.

2026aren hasieran kontratu bat lortu zuen Herbehereetarako 39 autobus elektriko egiteko, eta kontratuak izenpetu dituzte Palman (Herrialde Katalanak) eta Madrilen garraio publikoa kudeatzen duten erakundeekin ere. Pentsatzekoa da Irizar Ie Tram Efficient modelo berria onuragarria izango dela enpresaren salmentak bultzatzeko.

Irizar taldeak bi ekoizpen gune handi ditu Gipuzkoan. Zentrala, Ormaiztegin: han, hiriarteko autobusak eta distantzia luzeetarakoak egiten dituzte. Adunako gunea 2018an jarri zuten martxan, eta, han, hiriko autobus elektrikoak egiten dituzte. Beste 11 lantegi ere baditu, Euskal Herritik kanpo: Marokon, Mexikon, Brasilen, Hegoafrikan eta Australian. Era berean, beste sei konpainia ditu: Alconza (motor elektrikoak), Datik (konektibitatea), Hispacold (klimatizazioa), Masats (ate elektrikoak) eta Jema (bateriak, potentzia elektronika) eta Creatio I+G zentroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE