Izenik gabeko erantzuleak

Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordeak EAJko goi kargudunak egin ditu Epsilonen eta Hiriko-n galdutako diru publikoaren arduradun.PSEk eta PPk eragotzi dute izen zehatzak aipatzea

Ana Agirre eta beste agintari batzuk, Villadelprat Epsiloneko buruaren azalpenak entzuten, 2007ko urrian. JUANAN RUIZ / ARP.
Iker Aranburu.
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Muturreko politiko bat jaso du EAJk Eusko Legebiltzarrean. Epsilon eta Hiriko-ren porrotak ikertu dituen batzordeak alderdi horren menpeko erakundeak egin ditu diru publikoaren ia 60 milioi galdu izanaren erantzule. Muturrekoa are handiagoa izango zen baldin eta ebazpenak zehatz-mehatz ardurak zeinenak izan ziren esan izan balu, baina PSEk eta PPk ez dute hain urrun joan nahi izan, eta izenik gabeko txosten urardotu bat onartu dute, EH Bilduren eta UPDren haserrerako. Kontrako arrazoiengatik, suminduta azaldu dira jeltzaleak ere, eta ikerketa batzordea «modu iruzurtian» baliatzea egotzi die beste alderdiei.

Ikerketa EAJren administrazioen kritikarekin itxiko zela jakina zen, joan den ostiralean EAJ ez beste alderdiek ontzat hartu zutelako Carmelo Barrio (PP) batzordeko presidentearen proposamena. Horretan argi esaten zen bi proiektu horiek diru laguntza publiko oparoetan oinarritutako egitasmoak zirela, diru iturri pribatuen ekarpena oso urria zela, eta erakunde publikoek huts egin zutela haiei laguntzean. Epsiloni buruz, «industrialki, komertzialki eta enplegu sorreraren aldetik oinarri sendorik gabeko proiektua» zela dio txostenak, eta «irregularra» zela hari laguntzea, «jakinda beren helburuak ez lortzeko arrisku handia zegoela». Hiriko-ri buruz, auto elektrikoa ez homologatzeko arriskuak ez aintzat hartzea eta proiektuaren bideragarritasun plan «zentzuzkorik» ez eskatzea egotzi dio SPRIri.

PSE, erdibidean

Atzoko azken saiorako zalantza bakarra zen sozialistak eta popularrak ausartuko ote ziren urrats bat urrunago joaten, eta arduradunen izen-abizenak aipatzen,EH Bilduk eta UPDk beren zuzenketetan eskatu bezala. PSEk esan zuen ez zuela arazorik, baina azkenean erabaki du bere aliatua gehiegi ez haserretzea, eta zuzenketak atzera botatzea eragin zuen. «Ez da funtsezkoa izenak aipatzea, argi baitago nortzuek hartu zituzten erabakiak», justifikatu zuen Vicente Reyesesk.

Izen horien artean bi nabarmentzen dira: Ana Agirre eta Arantza Tapia. Industria sailburua zen Agirre, berak zuzendutako EAEko Sustapen Ekonomikorako Kontseiluak Epsilon proiektua estrategikotzat jo eta diru laguntza ematea onartu zuenean, 2007an. Kontseilu horretan zegoen Tapia ere; Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako oraingo sailburua Gipuzkoako Mugikortasun diputatu zen orduan, baina ez zuen bozketan parte hartu, eta Agirren esku utzi zuen bere botoa.

Kontseilu horretan zeuden gaur egun kargu inportanteak dituzten beste lagun batzuk ere, hala nola Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua, Hernando Lacalle Jaurlaritzako Aurrekontuetako zuzendaria eta Manuel Urkijo SPRIko kontseiluko kidea.

«EAJkoen poltsikoetan»

Horien guztien dimisioa eskatu zuten atzo Igor Lopez de Munain eta Unai Urruzuno EH Bilduko ordezkariek: «Jaurlaritzak bere kode etikoa aplikatuko balu, irregulartasun horien arduradunek kalean egon beharko lukete bihar bertan, ez Gobernuan». Txostenak inoren izen-abizenik ez aipatzea «gabezia» dela esan zuten, baina haren alde egin zuten «diru publikoaren xahuketa eta lagunkeria» frogatutzat ematen dituelako. «Hemen egia objektiboa dago: funts publikoetatik 60 milioi euro baino gehiago desagertu dira, eta […] ziurrenik EAJtik gertu dauden pertsonen poltsikoetan daude». Gorka Maneiro UPDko ordezkariak ere eskatu zituen dimisioak.

Oposizioarentzat epelegia dena gogorregia da jeltzaleentzat. Ikerketa batzordea «EAJren inkisiziorako batzordea, saloiko politikakeria» izan zela ziurtatu zuen Luis Javier Telleria legebiltzarkideak. Epsilonen eta Hiriko-ren inguruko erabakiak «juridikoki zuzenak» izan zirela gaineratu zuen eta, hortaz, ondorio politikorik ez duela egon behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.