Hasi dira jantoki eta sukalde kolektiboetako langileen baldintzak negoziatzen EAEn

Negoziatzeko mahaia eratu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Euskadiko Ostalaritza Federazioak, eta Food Service Espainiako patronalak. Jantoki publikoetako baldintza eta soldata berberak nahi dituzte arlo pribatuko langileentzat.

Eskola bateko jantokia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola bateko jantokia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko irailaren 4a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekin eta ekin aritzeak badu saria batzuetan: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sukalde kolektiboetako langileek EAErako lan hitzarmena negoziatu ahal izango dute. Izan ere, hamabost urte baino gehiagoko borrokaren eta beste zortzi ahaleginen ostean, gaur eratu dute EAErako negoziazio mahaia, LHK Lan Harremanen Kontseiluan. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eseriko dira alde batean, eta Euskadiko Ostalaritza Federazioa eta Food Service Espainiako patronala bestean: sektoreko 11.000 beharginetatik 5.300 inguruk arlo publikotik at dihardute, eta sindikatuen helburua da behargin horien baldintzak eta soldata jantoki publikoetan aritzen direnenekin parekatzea. Hurrengo bilera irailaren 17an izango da.

Gaurko eguna «historikotzat» jo dute ELA eta LAB sindikatuek, «EAEra ekarri baita sektore horretako negoziazio kolektiboa». ELA da sektoreko sindikatu nagusia, eta, haren ordezkari Mariluz Rodriguezek azpimarratu duenez, «garrantzitsua da sektorea erregulatzea eta langile guztiek hitzarmen bera izatea, arlo publikoan eta pribatuan lan bera egiten baitute». Hala ere, ELAk txarretsi du gaurko batzarrean Food Service patronalak Espainiako hitzarmenaren alde egin izana.

«Kasuak kasu, arlo publikotik at lan egiten duten beharginek %25-30 gutxiago kobratzen dute. Gainera, langileen %80k lau ordu baino ez dute lan egiten egunean»

MARILUZ RODRIGUEZ ELAko ordezkaria

Sektoreak barne hartzen ditu, besteak beste, eskoletako, ospitaleetako, industria enpresetako eta zahar etxeetako kafetegietan eta sukaldeetan lan egiten duten beharginak, baita garbiketaz arduratzen direnak ere.

Bestalde, arlo pribatuan eta itunpekoan diharduten langileak probintziako edo estatuko ostalaritza itunaren menpe daude oraingoz. Jantoki publikoetan aritzen direnen artean, berriz, eskoletakoek hitzarmen propioa dute: EAEko kudeaketa zuzeneko hitzarmena.

Rodriguezek zehaztu duenez, «lanorduetan eta soldatetan alde handia dago arlo publikotik pribatura, baita zentro bakoitzean zenbat begirale egon behar diren arautzen duten ratioetan ere». «Kasuak kasu, arlo pribatuan eta itunpekoan lan egiten duten beharginek %25-30 gutxiago kobratzen dute. Gainera, langileen %80k lau ordu baino ez dute lan egiten egunean».

«Funtsezko urratsa da sektore oso feminizatu bat, historikoki ikusezin bihurtua eta lan eta gizarte arloan funtsezkoa, duintzeko»

ANDONI ALONSO LABeko ordezkaria

Andoni Alonso LABeko ordezkariak ontzat jo du negoziazio mahaia eratzeko modua egin izana: «Funtsezko urratsa da sektore oso feminizatu bat, historikoki ikusezin bihurtua eta lan eta gizarte arloan funtsezkoa, duintzeko».

Jarrera aldaketa

Ausolan da sektoreko enpresarik handiena, eta 1.500 langile ditu gutxi-asko. Baina beste hainbat enpresa ere aritzen dira sektorean; besteak beste, Gasca, Baska, Tamar, Sodexo, Eurest, Mediterranea, Serunion eta Aramark. Hain zuzen, aurreko saiakeretan mahaia eratzearen aurka agertu izan da Euskadiko Ostalaritza Federazioa, eta azken hilabeteetan jarrera aldatu du. Gaur Espainiako Food Service patronala ere batu zaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.