Jaurlaritzak 700 milioi euro izango ditu enpresetan inbertitzeko

Hemeretzi enpresa eta inbertsio funtsetan parte hartzea aurreikusten du Pradalesen gobernuak

D'Anjou, Ubarretxena eta Jauregi, joan den astean, aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. L.RICO / EFE
D'Anjou, Ubarretxena eta Jauregi, joan den astean, aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. L.RICO / EFE
Jokin Sagarzazu
2026ko azaroaren 2a
15:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du euskal enpresetan parte hartzeko estrategia. 2027an, Finkatuz eta Indartuz funtsen bidez, 696,8 milioi euro izango ditu inbertsioak egiteko. Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontuen arabera, bi tresna horien bidez, hemeretzi enpresa eta inbertsio funtsetan parte hartzea aurreikusten du gobernuak, guztira 390 milioi euro erabilita.

Diru hori Euskadi Eraldatuz 2030 planaren barruan dago, eta, hamarkada amaitu arte, Jaurlaritzak aurreikusi du 4.000 milioi euro mobilizatzea: asmoa da administrazio publikoek jarritako euro bakoitzeko —guztira 1.000 milioi— beste hiru erakartzea sektore pribatutik. Horretarako, zorpetzea erabaki du Jaurlaritzak.

Datorren urtean, 200 milioi Finkatuz funtsean jarriko ditu, lau operaziotan —D'Anjouk ez du zehaztu zein operazio diren—. Finkatuz enpresa estrategikoen errotzea bermatzeko sortu zuten aurreko legealdian, baina Imanol Pradales lehendakariaren gobernuak haren inbertsio irizpideak malgutu ditu, enpresa gehiagotan sartzeko. Besteak beste, Talgoren operazioan eta Ayesa Digitalen erosketan erabili du funts horretako dirua. Finkatuz-ek CAFen %3ko partaidetza du, ITP Aeron %6koa eta Kaikun %7koa.

2027ko aurrekontuetan jasotako beste 190 milioi euro Indartuz funtsaren bidez erabiliko ditu, hamabost operaziotan. 2025aren amaieran sortutako tresna horrek enpresa txiki eta ertainen hazkundea sustatzea eta ekoizpen sarea eraldatzeko proiektuak finantzatzea du helburu.

Horretarako, enpresetan zuzenean inbertitzeaz gain, lau inbertsio funtsetan parte hartzen du —Galate Deeptech, Talde Capital, Stellum Food & Tech eta Easo Ventures—. Datorren urtean, 60 milioi eurorainoko ekarpena egingo die, euskal intereseko enpresetan inbertitzeko baldintzarekin.

Horrez gain, Euskal Finantza Institutuak 490 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, eta enpresen inbertsioak finantzatzeko 500 milioi eurorainoko abal programa bat ere jaso dute aurrekontu egitasmoan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA