Eusko Jaurlaritzak gaur ekin dio aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean aletzeari. Gaur hasi eta asteazkena bitarte, sailaren lehentasunak zeintzuk diren eta dirua zertarako erabiliko duen azalduko du sailburu bakoitzak. Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburua izan da lehena, eta jakinarazi du agerraldiak amaitzean Vox ez beste talde politiko guztiekin bilduko dela negoziatzeko. Hala ere, bozak gertu daudela eta, oposizioari eskatu dio «zarata politikotik aldentzeko» eta «interes alderdikoiak baztertzeko».
D’Anjouk proiektuaren alde egin du, eta, aurkezpenean esandakoa berretsiz, esan du 2027ko aurrekontu proiektua «anbiziotsua eta errealista» dela, eta «egonkortasuna eta sendotasuna» emango diola Euskal Autonomia Erkidegoari. «Gaur kontu publiko batzuk baino askoz gehiago aurkezten dugu; bide orri bat eta herri konpromiso bat aurkezten dugu», azpimarratu du.
Ikusi gehiago
Sailburuak apenas aletu duen bere sailari dagokion aurrekontua, ordea; datu orokorrak errepikatu ditu, eta helburuak nabarmendu. Horri lotuta, azaldu du Ogasun Sailaren «apustu handietako bat» Finantzen Euskal Institutua «indartzea» dela, gobernuaren finantza tresna garrantzitsuetako bat den aldetik. Eta iragarri du aurten 492 milioi euroko aurrekontua izango duela, besteak beste, enpresen errotzea bermatzen jarraitzeko.
Izan ere, legealdi hasieran hartutako bideari eutsi nahi dio Pradalesen gobernuak. Eta, aurrez Talgorekin edo Ayesarekin egin moduan, aurten ere hainbat enpresaren partaidetzan sartu nahi du Finkatuz inbertsio funtsaren bitartez. «Baliabideak mobilizatu, finantzaketa erraztu eta gure ekonomia eraldatzen eta indartzen lagunduko duten enpresa proiektuak babestu nahi ditugu», esan du D’Anjouk.
«Baliabideak mobilizatu, finantzaketa erraztu eta gure ekonomia eraldatzen eta indartzen lagunduko duten enpresa proiektuak babestu nahi ditugu»
NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua
Jaurlaritzak 390 milioi euroko diru sail bat du gordea horretarako. D’Anjouk ez du aurreratu, ordea, zenbat enpresatan esku hartu nahi duten, ez eta zeintzuk izan daitezkeen ere. Nolanahi dela ere, azpimarratu du Indartuz funtsa ere erabilgarri izango dutela. Finantza tresna hori iaz sortu zuten Euskal Herriko eta nazioarteko inbertsio funtsen dirua erakartzeko, eta aurten 190 milioi euroko aurrekontua izango du.
Sailburuak nabarmendu du nazioarteko jokalekua «ziurgabea» bada ere Jaurlaritza ez dagoela «geldi», eta zehaztu du aurrekontu proiektua dela horren adibidea. Hori dela eta, «aparteko ahalegin bat» egiteko eta proiektua babesteko eskatu dio oposizioari.
Diru sarreren elefantea
Proiektuari, ordea, ez dio harrera ona egin oposizioak: EH Bildu, PP eta Sumar oso kritiko azaldu dira hala edukiari nola formari dagokionez. Pello Otxandianok, esaterako, kezka agertu du diru sarrerak gastu beharren azpitik ari direlako handitzen: «Elefante bat dago gelan, eta ez dut inor entzuten horri buruz hitz egiten». Koalizio subiranistaren bozeramailearen hitzetan, «zantzu nabarmenak» daude horrela jarraituz gero hurrengo belaunaldiak zorpetu beste aukerarik ez dutela izango pentsatzeko. Bada, egoeraren inguruko eztabaida bat eskatu dio sailburuari, hurrengo urteetarako ez baita hazkunde ekonomiko handirik espero.
Zorrari lotuta, Euskal Finantzen Aliantzaren inguruko balorazio bat ere galdegin dio. Legebiltzarrak ia mila milioi euroko zorpetze gehigarria baimendu ondoren, Jaurlaritzak zenbat diru erabili duen eta zertarako erabili duen ez du azaldu. Erantzunen txandan eman du informazioa D’Anjouk: jakinarazi du diru horren erdia inguru erabili dutela jada, eta hurrengo urteetan erabiliko dutela gainerakoa.
Hain zuzen ere, hogei milioi euro etxebizitza funtsa sortzeko gorde zituen iaz Jaurlaritzak. Baina Otxandianok salatu du ez zirela erabili, eta aurten iragarritakoa joan den urtean erabili ez zen dirua dela. Koalizio subiranista kritiko azaldu da, halaber, Etxebizitza Sailaren aurrekontuarekin; iritzi dio ez dela bateragarria «etxebizitza larrialdiaz» hitz egitea eta aurrekontua «iazko berbera» izatea.
PP eta Sumar, oso kritiko
Etxebizitzan egin du azpimarra Jon Hernandez Sumar alderdiko legebiltzarkideak ere, salatu baitu Jaurlaritzak diru gehiago jarriko duela industriako inbertsioetarako bizitoki larrialdiari aurre egiteko baino. Esan du aurrekontuak ez direla hedakorrak, Jaurlaritzak kontrakoa saldu nahi izan badu ere, eta ohartarazi du ez diela herritarren beharrei erantzungo: «Atzean geratzen dira». Hitz egiteko prest agertu da Hernandez, halere, baina sailburuari ohartarazi dio «oso kritikoak» izango direla negoziazioetan.
Antzera mintzatu da Alvaro Gotxi Alderdi Popularreko legebiltzarkidea ere, eta salatu du Etxebizitza Sailak aurten jada gastatu duena baino aurrekontu txikiagoa izango duela hurrengo urtean. «Desastre hutsak zarete kudeaketan», esan die jeltzaleei eta sozialistei, eta kritikatu die inoiz baino goi kargudun gehiago izatea.