Jaurlaritzak atsekabea hartu du Kutxa fundazioak uko egin diolako Ayesan sartzeari

Jauregi sailburuak zehaztu du erosketa prozesuak aurrera jarraitzen duela. EH Bilduk ere kritikatu egin du: «Huts larria da. Finantza aliantzari nazio ikuspegia falta zaio».

Ayesa ITk (Ibermatica) Donostiako Miramoneko parke teknologikoan duen egoitza. PARKE
Ayesa ITk (Ibermatica) Donostiako Miramoneko parke teknologikoan duen egoitza. PARKE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko abenduaren 23a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutxa fundazioak ez du bat egingo Ayesaren teknologia adar osoa erosteko osaturiko euskal «kuadrillarekin». Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak kuadrillaren metafora erabili zuen lehen Ibermatica zena erosteko partzuergoa deskribatzeko, eta «kide gipuzkoar» bat gehitzea espero zuela esan zuen hilabete hasieran, negoziatzeko esklusibotasun akordioaren berri eman zuenean. Kide horrek, baina, Jaurlaritzaren «atsekabea» eragin du, eta, bide batez, EH Bildurena eta PSErena. Sailburuak, dena den, zehaztu du erosketa operazioak aurrera jarraitzen duela.

«Zalantza argitu da: badakigu zeintzuk geratzen garen», zehaztu du Jauregik. Eta zeintzuk dira? Bada, duela hilabete zeudenak: Eusko Jaurlaritza, BBK fundazioa eta Indar inbertsio funtsa —Kutxabankek sorturikoa—. Esan bezala, Kutxa fundazioa ez da egongo, patronatuko kideen atzoko bileran ezezkoak irabazi zuelako, boz bakarragatik. EAJk eta Podemosek proposatutako ordezkariek aurka egin zuten; alde, berriz, EH Bildurenek eta PSErenek. Deigarria izan da EAJko kideek Jaurlaritzaren nahien aurka bozkatu izana.

Pello Otxandiano EH Bilduk legebiltzarrean duen bozeramaileak salatu du banku fundazioak gizarte lana egiteko daudela, eta ez negozioa: «Huts larria da. Ibermatica Gipuzkoako enpresa izan zen saldu zuten arte. Finantza aliantzari nazio ikuspegia falta zaio». Antzera mintzatu da Jose Ignacio Asensio PSEko Gipuzkoako idazkari nagusia: «Ulertezina da horrelako operazio batean sartu ez izana. Beste behin, Kutxa da kanpoan gelditu den bakarra».

Ezezko bozaren azalpena Podemosek eman du. Argitu duenez, inbertitzaileen batzordeak eta Kutxaren teknikariek operazioaren aurkako txostenak aurkeztu zituzten; haien arabera, ez zen beharrezkoa «arrisku handi» hori hartzea, eta ez zegoen Ayesaren egoitza Gipuzkoan gelditzeko «inolako bermerik». Halaber, gaineratu du Kutxak start up-ak babestu behar dituela, «orain arte bezala».

Gipuzkoako Aldundiak ere egoitzaren auziari heldu dio Kutxa Fundazioaren erabakiaren inguruko iritzia ematean, eta Irune Berasaluze bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio enpresak Gipuzkoan duen errotzea defenda dezala: «Ez dut lurralde arteko borrokan sartu nahi, baina espero dut hala egingo duela». Nabarmendu du Kutxa Fundazioarekin harreman estua izan arren, erakunde independentea dela, eta hari dagokiola azalpenak ematea. Norabide horretan, ez dio kritika zorrotzik egin: «Fundazioaren ustez egitasmo hau ez da sartzen balio erantsia duten edo lurralderako estrategikoak diren egitasmoen multzoan».

Operazioa, luzeagoa

Horiek horrela, Jauregik iragarri du Kutxaren ezezkoaren eraginez gehiago luzatuko dela erosketa osorik gauzatzea, baina sinadura hilabete amaiera baino lehenago egin behar dela, orduan amaitzen delako euskal partzuergoak lorturiko esklusibotasun akordioa —ordurako adostuko ez balitz, Ayesako jabeek beste inbertitzaile batzuekin negoziatzeko askatasuna izango luke—: «Guk aurrera jarraitzen dugu: aurten sinatu nahi dugu Ayesaren erosketa».

Esklusibotasun akordioaren berri eman zuenean esan zuen Jauregik kuadrilla handitzea espero zuela, eta ez ziela atea ixten beste bazkide batzuei, betiere erabakitze gunea Euskal Herrian gelditzen bazen. Horiek horrela, eta nahiz eta erosketa hurrengo astean sinatu, sailburuak aurreratu du «hiru edo lau hilabete» beharko direla operazioa ixteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.