Jaurlaritzak banatu du jada Europatik jasotako funtsen %87

Euskal Autonomia Erkidegoak ia 4.700 milioi euro eskuratu ditu denera. Onuradunen %77 enpresak dira.

Mikel Torres, Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarreko batzordean, gaur. IREKIA
Mikel Torres, Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Artxiboko argazki bat. IREKIA
aitor biain
2026ko urriaren 19a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken txanpan dago Europako Batasunaren Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismoaren funtsen plana. COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko jarri zen martxan, 2021eko udaberrian, eta joan den abuztuaren 31n amaitu zen diru laguntza horiek eskuratzeko epea. Eusko Jaurlaritzak azken-aurreko balantzea egin du gaur, eta jakinarazi jasotako diruaren %87,1 banatu duela jada, hau da, 1.106 milioi euro guztira.

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuak xehatu ditu datuok Eusko Legebiltzarrean. Sailburuak azaldu du finantzaketa plana martxan jarri zenetik Euskal Autonomia Erkidegoak 4.694 milioi euro eskuratu dituela guztira, zuzenean edo zeharka. Izan ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak jaso dituzten 4.694 milioi horietatik soilik 1.307 milioi kudeatu ditu Eusko Jaurlaritzak.  

Diru kopururik handiena, ordea, zuzenean jaso dute enpresek, Espainiako Gobernuak kudeatu dituen lehiaketa publikoen bidez: 2.918 milioi euro jaso dute denera. Horiei, gainera, beste 469 milioi gehitu behar zaizkie, EAEko enpresek beste erkidego batzuetan irabazitako diru laguntza eta lizitazioei dagokiena. Ildo horretan, berebiziko garrantzia izan dute ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoko deialdiek, horien bidez jaso baita diruaren zati handi bat: 1.580 milioi euro, Espainian adjudikatu denaren %7,5.

10.000 lanpostu

Suspertze planak EAEko ekonomiari egindako ekarpena nabarmendu du Torresek. Adierazi du funtsei esker 1,3 puntu igo dela EAEko barne produktu gordina azken bost urteetan, eta 10.000 lanpostu sortu direla: «Datuek agerian uzten dute Euskadik jakin duela aukera historiko bat baliatzen». Horrez gain, funts gehienak banatuta edo esleituta izateak ere —%97 dira proiektu bati lotu zaizkienak— EAEko erakundeek duten kudeatzeko gaitasuna erakusten du, sailburuaren hitzetan.

Lurraldeka, Bizkaiak jaso du diru gehien: 1.972,8 milioi euro (%42). Gipuzkoak 1.363 milioi jaso ditu (%29), eta, Arabak, berriz, 874 milioi (%19). Laguntzak jaso dituztenei dagokienez, onuradunen %77 enpresak dira —%42 mikroenpresak eta ETEak dira (enpresa txiki eta ertainak), eta %36 enpresa handiak—. Fundazioak (%7) eta familiak (%5) dira beste onuradunak.

Nafarroari dagokionez, irailaren amaieran gobernuak jakinarazi zuen funtsen %96 inguru banatu dituela jada; Espainiako Gobernuak 643 milioi euro eman dizkio gobernuari, eta hark 615 milioi banatu dizkie azken onuradunei. 151 proiektuk jaso dituzte Europako diru laguntza horiek. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA