Dermatosi nodularren kasurik artean ez da agertu Euskal Herrian, baina ez dabil urruti, eta erakundeek arriskuak saihestu nahi dituzte. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak berriro debekatu du otsailera arte abere azokak egitea, eta ganadua mugitzeko baldintzak gogortu ditu. Abenduaren 26an jarriko da indarrean.
Urriaren amaieratik azaroaren 30era arte debekatuta egon ziren Hego Euskal Herri osoan, baina debeku hori amaituta, azken asteetan abereen erakusketak itzuli dira ferietara, Zumarragako eta Urretxuko Santa Lutzin, esaterako. Baina hurrengo asteetan halakorik ez da izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran erabaki duenez. Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza Sailak nabarmendu duenez, ez da kasurik agertu bere eremuan, ezta Katalunian ere, baina bai gertuago, Pirinioen iparraldean. Frantziako Laborantza Ministerioak gaur bertan azaldu du beste kasu bat atzeman dutela Ipar Katalunian.Â
Hori dela eta, hurrengo asteetan ez da abererik izango azoketan, eta idi demak ere debekatuta egongo dira. Horrela eragotzi nahi dute abere asko eremu txiki batean biltzea eta gaixotasuna hedatzea.
Hori bai, Jaurlaritzak zehaztu du foru aldundiek aukera izango dutela ekitaldi batzuetan animalien presentzia baimentzeko, betiere dermatosiak eragiten ez dien abereak badira eta segurtasun neurri zorrotzak hartzen badira.
Txertatzeak eta blokeatzeak
Aziendaren mugimenduari ere eragiten dio Jaurlaritzaren aginduak. Garbiketa eta desinfekzio ziurtagiria izan beharko du edozein mugimenduk. Gainera, dermatosi kasuak dituzten lurraldeetako abereak soilik sartuko dira baldin eta txertatuta daudela erakusterik badute.
Hain zuzen ere, txertaketa kanpaina abian jarri zuten iragan ostegunean Ipar Euskal Herrian eta haren inguruko lurraldeetan. Iganderako Iparraldean eta Biarnon 28.000 behik txertoa jaso zutela azaldu zuen Pirinio Atlantikoko prefetak, hau da, behi aziendaren %15 inguruk. Agintarien helburua da urtarrilaren erdialderako behien eta txekorren %80 txertatzea.
Dermatosia intsektuek transmititutako gaixotasun biriko bat da, eta ez die gizakiei eragiten. Behiei bai, ordea, eta, oso kutsagarria denez, protokoloek eskatzen dute kasu bat izan duten etxaldeetako behi guztiak hiltzea. Sakrifizio masibo horiek eragotzi nahi dituzte abeltzainek, eta azken egunotan errepideak eta autobideak blokeatzen aritu dira Lapurdin eta Frantziako eskualde batzuetan.
Biriatuko mugan izan ziren iragan asteartean, baina horren aurretik, hilaren 12an, A64 autobidea itxi zuten, Beskoitzen. Han daude orduz geroztik, eta azken orduetan beste blokeatze bat gehitu diote handik kilometro batzuetara, Akamarreren (Nafarroa Beherea) eta Landen arteko mugan.