Eusko Jaurlaritzak beste bi milioi euro jarri ditu auto berriak erosteko bere diru laguntza programan. Era berean, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioari eskatu dio Moves III planekoak handitzeko. Mikel Jauregi Industria sailburuak jakinarazi duenez, dagoeneko bukatu egin dira bi programa horien aurrekontuak.
Jaurlaritzaren laguntzak edozein auto mota erosteko erabil daitezke, errekuntzakoak barne. Hala ere, hainbat baldintza bete behar dira, eta nagusiki bat: auto bat txatartegira eraman behar du erosleak, eta ibilgailu horrek 20 urte edo gehiago izan behar ditu. 3.500 eurorainoko laguntza jaso daiteke.
Moves IIIko laguntzak, berriz, auto elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erosteko dira soilik, baita kargalekuak instalatzeko ere. 7.000 euroraino jaso daitezke. Bi laguntzak ez dira bateragarriak.
Jaurlaritzaren plana apirilean jarri zen indarrean, bost milioi euroko aurrekontuarekin. Orain beste bi milioi jarriko ditu Gasteizko gobernuak, eta diru hori bukatu arteko epea izango dute eskatzaileek.
Madrili eskaera
Moves III Europako Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatzen da, eta urte hasieran jarri zen martxan. Espainiako Gobernuak banatzen du dirua, baina autonomia erkidegoek kudeatzen dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EEE Energiaren Euskal Erakundea arduratzen da horretaz, eta Nafarroan, Industria Departamentua.
Jauregik jakinarazi du ekainean eskatu zuela programarako diru hornidura handitzea, eta une honetan ministerioaren erantzunaren zain dagoela.
Industria sailburuak azaldu duenez, EEEk astelehen honetan eman du Moves III planeko azken laguntza: guztira 1.584 izan dira. Eta beste 2.200 eskaera daude itxaron zerrendan.
Moves III programako kargalekuak instalatzeko laguntzen eskaerari dagokionez, Jauregik argitu du aurrekontua dagoela oraindik. 900 eskaera inguru onartu dituzte orain arte. Guztira, Espainiako Gobernuak 14,9 milioi euroko aurrekontua esleitu zion EAEri: 8,4 milioi autoetarako, eta 6,5 milioi karga azpiegituratarako.
Nafarroan aurreko astean amaitu zen Moves III planeko aurrekontua. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak zerga kenkariak ematen dizkie auto elektrikoa erosten dutenei, baina ez du plan espezifikorik auto berriak erosteko.
Aurten, autoen matrikulazioa %17,5 handitu da Hego Euskal Herrian. Auto hibridoak saltzen dira gehien —merkatuaren ia erdia, %46—, baina gehien hazten ari den alorra auto elektrifikatuena da: ia lautik bat da hibrido entxufagarria eta elektriko hutsa. Errekuntza autoen gainbehera, berriz, bizkortzen ari da: %19 dira gasolina ibilgailuak, eta %3,4 diesela darabiltenak.