Jaurlaritzak dio albiste ona dela Euskal Herriko inbertitzaileek Uvesco erosi nahi izatea

Supermerkatu katearen %70aren jabe den PAI Partners Frantziako funtsa iaztik dabil saltzeko asmotan, eta 700 milioi eurotik gorako eskaintza bat egin nahi dio Angel Jareño kontseilari ordezkaria buru duen inbertitzaile multzoak.

Angel Jareño Uvesco taldearen zuzendaria eta Jose Ramon Fernandez de Barrena presidentea, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Angel Jareño Uvesco taldearen zuzendaria eta Jose Ramon Fernandez de Barrena presidentea, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 29a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Su txikian egosten ari da Uvesco taldea erosi eta Euskal Herrian errotzeko eskaintza handi bat. 2021. urtetik Frantziako PAI Partners funtsa da konpainiaren %70aren jabea, baina saltzeko asmoa du, eta, iaz, Uvescoren jabe bihurtzear izan zen Carrefour. Testuinguru horretan, Angel Jareño kontseilari ordezkaria buru dutela, konpainiako zuzendaritza taldeko sei kidek supermerkatu katea erosteko aurrerapausoa eman dute Euskal Herriko zenbait inbertitzaileren babesarekin —Kutxabank, Geroa, eta Stellum eta Inveready funtsak—, eta 700 milioi eurotik gorako eskaintza bat prestatzen ari dira.

Vocento taldeko egunkariek argitaratu zuten informazioa astelehenean, eta, gaur, Radio Euskadin, Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak baieztatu du badutela intentzio horien berri. Albiste ontzat jo du Euskal Herriko inbertitzaileek supermerkatu katea errotzeko eta erabakigunea bertan mantentzeko asmoa izatea: «Uste dut Eusko Legebiltzarreko talde guztiok iritzi bera dugula».

Iaz Carrefourrekin gertatutakoa gogorarazi du, eta azpimarratu nazioarteko inbertsio funts handiak «mehatxua» direla eta izango direla. «Hemengoak ez diren funts horien asmoa zera da, enpresetan sartu, eta 5-7 urteren buruan irtetea. Gu bestelako inbertitzaileak egon daitezen ari gara lanean, pazientzia handiagoa dutenak, luzerako begirada dutenak, eta enpresak euren jatorriko kokalekuan mantentzeko bokazioa dutenak, kasu honetan, Euskadin», azaldu du sailburuak.

«Hemengoak ez diren funtsen asmoa zera da, enpresetan sartu, eta 5-7 urteren buruan irtetea. Gu bestelako inbertitzaileak egon daitezen ari gara lanean, luzerako begirada dutenak, eta enpresak euren jatorriko kokalekuan mantentzeko bokazioa dutenak» 

NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Uvescoko iturriek BERRIAri esan diote mahai gainean ez dagoela proposamen irmorik, baina zabaldu dena gezurtatu ere ez dute egin. Gogorarazi dute maiatzean, emaitzak aurkezteko egindako agerraldian, Uvescoko zuzendaritzako kideek jakinarazi zutela «alternatiba bat» prestatzen ari zirela iazko «arriskua» berriz piztuko balitz ere, eta orain jakin da zer antolatzen zebiltzan.

Jareñok eta zuzendaritza taldeko gainontzekoek bidelagun indartsuak dituzte. Tartean dira Kutxabankek Euskal Herriko enpresa estrategikoetan inbertitzeko sortu berri duen Indar funtsa; Donostian egoitza duten eta aurrez ere Uvescoren zati bana baduten Stellum Food & Tech —Artizarra fundazioaren parte da— eta Inveready inbertsio funtsak; eta, azkenik, Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundea. Horietako bakoitzak 30 milioi euro inguru jartzea da asmoa —125 milioi denera—, eta ia 500 milioi Uvesco bera zorpetuz lortzea, inbertsio funts handiek sarritan izaten duten jokabidea kopiatuz.

Operazioan parte hartuko du taldearen jabe izandako Fernandez de Barrena familiak ere. 2021. urtearen amaieran saldu zizkion bere akzioen %70 Frantziako inbertsio funtsari, negozioa hedatzeko kapitala behar zuela argudiatuta, baina akzioen zati baten jabe izaten segitu zuen, eta zuzendaritzari ere eutsi zion. Orain, eragiketa horri esker lortutako diruaren zati bat —66 milioi euro— inbertituko du enpresaren zati handiago bat berreskuratzeko.

Inbertitzaileen sorta orotarikoa da, eta ez da erraza izango guztien interesak biltzen dituen eskaintza bat adostea. Dena den, Vocentok azaldu du zuzendaritza taldeko kideek lortu dutela euren zatia finantzatzea eta balitekeela hori funtsezkoa izatea salerosketa ondo irteteko.

Lasaitua

Urte hasieratik dabiltza eskaintza osatu nahian, eta, ondo bidean, litekeena da prest egotea pare bat hilabetean. Inbertitzaileen artean, oraingoz, ez dago erakunde publikorik, baina, D'Anjouk baieztatu duen moduan, Eusko Jaurlaritzak hasieratik izan du Uvesco erosteko asmoen berri. Negoziazioetan esku hartu dute Mikel Jauregi Industria sailburuak eta Imanol Pradales lehendakariak, betiere Vocentok dioenaren arabera.

Izan ere, iaz, Carrefour euskal taldearen jabe egin zitekeela jakinarazi zenean, Gasteizko gobernua prest azaldu zen Finkatuz funtsaren bidez laguntzeko —enpresen errotzea bermatzea du helburu funts horrek—, beste inbertitzaile batzuen laguntzarekin: orduan ere Kutxabanken eta Artizarra fundazio pribatuaren inbertsio funtsak aipatu ziren, besteak beste. 

Uvesco taldeko supermerkatu bat. BERRIA
Uvesco taldeko supermerkatu bat. BERRIA

Carrefourren saiakerak porrot egin zuenean, nola Jauregik hala Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak onartu zuten «lasaitua» hartu zutela, Europako banaketa talderik handiena Uvescoren jabe bilakatzeak supermerkatu kateak Euskal Herrian duen errotzea amaitzea eragin baitzezakeen. 

Erosi zuenetik, PAI Partnersek egoitza fiskala eta erabakigunea Gipuzkoan mantendu ditu. Inbertsio funts horrek batez beste sei urte egiten ditu enpresa batean sartu eta handik atera arte, eta litekeena da Uvescoren kasuan are laburragoa izatea epea, iazko ekainetik baita jakina bere zatia saltzeko prest dagoela. Duela lau urte 500 milioi euro inguru ordaindu zuen akzioen gehiengoarengatik, eta, orain, 715 milioi euroren truke saltzeko prest egon daiteke.

Inbertsio funts horrek Euskal Herriko beste enpresa batzuetan ere hartzen du parte, hala nola Angulas de Aguinagan eta Fronerin —Araiako izozki lantegiko jabea—.

Hazkunde azkarra

Uvesco konpainia erakargarria da inbertitzaileentzat, azkar hazten ari baita. Iazkoa urte mugitua izan arren, «urrats garrantzitsua» egin zuen hazteko bidean, Madrilgo Hiber supermerkatuak erosita. 2017an Gigante katea erosi eta Madrilen sartu zenetik, Espainiako hiriburua eta haren erkidegoa begiz jota dauka taldeak: Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ondoren, han du denda gehien, eta jada fakturazioaren %30 ekartzen diote —Espainian, Kantabrian, Asturiasen, Errioxan, Avilan eta Zaragozan ere baditu denda batzuk—.

Edonola ere, Euskal Herria da oraindik Uvescoren negozioaren erdigune nagusia. Taldeak 344 saltoki ditu, eta horietatik 219 daude Hegoaldeko lau lurraldeetan: 110 Bizkaian, 65 Gipuzkoan —zortzi, Super Amara markarekin—, 34 Nafarroan eta hamar Araban. Eroskiren atzetik, Uvesco da Hegoaldeko saltoki katerik handiena: %17,9ko azalera kuota du.

Iaz 1.186 milioi eurotik gorako salmentak egin zituzten: 2023an baino %10,6 gehiago, eta inoizko handienak. Enpleguari dagokionez, 2023an baino mila langile gehiago zituen 2024 amaieran: 7.142 guztira, eta 5.000 inguru Euskal Herrian. Hazkunde azkar hori dela eta, eskaintza prestatzen ari den Euskal Herriko inbertitzaile multzoa ez da konpainia erosteko interesa azaldu duen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.