Jaurlaritzak Enagasen %1 erosi du, 45 milioi euroren truke

Indartuz funtsaren lehen inbertsioa da, baina ez dute zehaztu zenbatekoa den. Enagasek hidrogeno berdearen garraioan duen zeregina nabarmendu du Jaurlaritzak operazioa justifikatzeko.

Arturo Gonzalez Enagaseko burua hidrogenoaren inguruan egin nahi dituzten inbertsioak erakusten Imanol Pradalesi, iazko azaroan, Santurtzin. LUIS TEJIDO / EFE
Arturo Gonzalez Enagaseko burua hidrogenoaren inguruan egin nahi dituzten inbertsioak erakusten Imanol Pradalesi, iazko azaroan, Santurtzin. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko uztailaren 29a
19:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan ere diru zorroa prest dauka Eusko Jaurlaritzak. Azkoyenen erosketan parte hartuko duela jakinarazi zuen joan den astean, Jose Antonio Jainaga enpresaria buru duen operazio batean, eta gaur iragarri du Enagasen %1 erosi duela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa zeharkatzen dituzten gasbide sare nagusiaren jabea eta kudeatzailea da Enagas —hirietako loturak Nortegasenak dira—, eta, Jaurlaritzak nabarmendu duenez, ezinbesteko eragilea izango da industriarako hidrogenoaren banaketan ere.

Gasteizko gobernuak ez du azaldu zenbat diru jarri duen, baina Enagasek burtsan duen balioa 4.500 milioi eurorena da, eta horren %1 burtsan erosteko 45 milioi euro inguru jarri behar izan ditu.  

Jaurlaritzak FEI Finantzen Euskal Institutuaren bidez egin du operazioa. Zehazkiago esateko, FEIren barruko Indartuz sozietatea erabili du Enagasen sartzeko, lehen aldiz gainera. Sozietate hori Euskadi Eraldatuz 2030 Plana bultzatzeko sortu zuen Imanol Pradalesen gobernuak, inbertsio estrategikoak egin ahal izateko. 

Enagas estrategikoa dela oso argi baitu Jaurlaritzak. Agiri baten bitartez azaldu zuenez, Enagasek «azpiegitura kritikoa du energia sistemaren funtzionamendurako eta Euskadin energia hornidura bermatzeko», eta haren zeregina «are garrantzitsuagoa da» energia trantsizioan. Izan ere, Enagasenak dira gaur egungo gasbide nagusiak, eta horiek hidrogenoa garraiatzeko ere erabiltzeko asmoa dute.

Hain zuzen ere, Euskal Herria zeharkatuko du Europako H2Med korridoreak, Iberiar penintsulako hidrogenoaren garraio sarea eta Europako ipar-mendebaldekoa konektatzeko bidea emango duen Europa barruko proiektuak.

Hidrogenoaren aldeko apustua

2021ean Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu zuten 75 erakunde eta enpresak, energia berriztagarrien bitartez lortutako hidrogenoa (hidrogeno berdea) sortu eta hura deskarbonizatzeko zaila den industriaren energia eskariaren zati bat betetzeko asmoz.  

Enagas eta Eusko Jaurlaritza elkarrekin ari dira parte hartzen asmo horretan, Hub COnet2 proiektuaren bitartez. «Proiektu hori funtsezkoa izango da industria sektoreen deskarbonizazioan laguntzeko, eta CO2-a murrizteko Europako helburuei dagokienez», azaldu du Jaurlaritzak, eta gogorarazi Europako Batasunak interes komuneko proiektutzat jo duela.

Ikuspegi ekonomikotik, inbertsioa segurua dela nabarmendu nahi izan du Ogasun eta Finantza Sailak. «Enagas konpainiak aktibo solido baten baldintzak betetzen ditu, diru sarrera arautuak baititu eta gas jarduera tradizionaletik hidrogeno berderako trantsizioranzko bide orri argia baitu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA