Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien eskaera bere egin du Eusko Jaurlaritzak: berdelaren arrantza aldi baterako gelditzea, batez ere amu bidez arrantzatzen duten ontzientzat. Horren ondorioz arrantzaleek izango lituzketen galerak diru laguntzekin konpentsatzeko proposatu du, FEMPA Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren bidez. Eskaera hori bidali dio Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, Europako Batzordera eraman dezan.
Europako Batasunak kolpe gogorra eman berri dio sektoreari, datorren urtean berdela arrantzatzeko kuota %73 murriztu baitu Bizkaiko golkoan, arrain hori asko gutxitu delako azken urteetan Ipar Atlantiko osoan.
Berdela sarearekin edo amuarekin arrantzatzen dute baxurako euskal arrantzaleek, eta batzuentzat, amuarekin aritzen diren Bizkaiko ontzientzat bereziki, kanpaina horrek urteko diru sarreren %50etik %70era arteko pisua du.
Arrantzale horiek azken urteetan arazo ugari izan dituzte espezie hori arrantzatzeko, kuotaren heren bat edo gutxiago baino ez dute harrapatu, arraina gero eta ur sakonagoetan ezkutatu baita, azterketa zientifikoek berretsi dutenez. Sare eta arraste ontziek, berriz, haiei esleitutako kuotak agortu dituzte, baina Bruselak ezarritako murrizketa haiei ere kalte handia eragingo diela ohartarazi dute.
«Legez kanpoko arrantza»
Egoera hori ikusita, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek arrantzaldia ixteko eskatu zuten, kuota hain txikia izanda arrantzara irteteak ez duelako merezi ekonomikoki, eta horrekin bat egin du Jaurlaritzak. Horrez gain, beste neurri batzuk helarazi dizkio Espainiako Gobernuari. Besteak beste, indarrean dagoen behin-behineko kuota zuzentzea eskatu du, eta urte arteko malgutasun mekanismoa aplikatzea; hau da, 2025ean kontsumitu gabe geratutako kuotaren zati bat 2026koan jartzea.
Halaber, Jaurlaritzak kuoten kudeaketa neurriak malgutzea defendatu du; besteak beste, kuotak banatzea arrantza modalitate eta ontzi segmentuen artean, eta arrantza eremuen artean. Aldi berean, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioari eskatu dio Europako Batzordeari exijitzeko «legez kanpoko berdelaren inportazioa eragozteko tresna juridikoak» aktiba ditzala, bereziki EBtik kanpoko herrialdeentzat. Hain zuzen ere, haiek beren arrantza kuotak ezartzen dituzte, eta, gero, horien gainean, Bruselarekin adosten dituzte murrizketak. Euskal arrantzaleentzat metodo hori ez da bidezkoa.