Jaurlaritzak eta Madrilek %0,3ko defizit muga adostu dute hurrengo hiru urteetarako

Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Espainiako Gobernuak defizit eta zorpetze mugak hitzartu dituzte Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan. Kupoaren bosturtekoa berritzeko negoziazioen lehen hartu-emanak ere izan dituzte.

Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkariak Madrilen, batzorde mistoaren bilera batean. Artxiboko irudia. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkariak Madrilen, batzorde mistoaren bilera batean. Artxiboko irudia. IREKIA
aitor biain
2026ko martxoaren 25a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Pradalesen eta Pedro Sanchezen arteko bileraren atarian, ekonomiaren alorrean etorri da akordioa, Espainiako Gobernuko eta EAEko administrazioetako arduradunek 2028ra arteko defizit eta zorpetze mugak hitzartu baitituzte. Ehunekoei dagokienez, ez da aldaketarik izango: aurreko hiru urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzak gehienez BPG barne produktu gordinaren %0,3ko defizit publikoa izan dezake, eta hiru diputazioek, %0,1ekoa.

Zifra horiek bat datoz EAEko erakundeek 2026ko aurrekontuak egiterakoan aurreikusi zutenarekin. Kontuak onartu aurretik mugak hitzartu gabe zituztenez, aurreko urteko erreferentzia hartzea erabaki zuten agintariek; hala adostu zuten iaz. Hala ere, mugak aurretik zehaztuta edukitzeak hurrengo urteetarako «egonkortasun eta segurtasun handiagoa» emango diela azpimarratu dute ordezkariek, ez dutelako Madrilekin akordioa lortu arte itxoin beharko.

EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina 95.000 milioi euroren bueltan dabilenez, Eusko Jaurlaritzak 285 milioi euroren zuloa egin ahal izango du urtero, eta zor merkatuetara edo bankuetara jo beharko du diru hori lortzeko. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostutakoaren arabera, 2028ra arteko zorpetze muga EAEko BPGaren %13koa izango da gehienez, baina malgutasunez jokatzeko baimena du.

Izan ere, joan den urteko bileran beste bi puntu igo ahal izatea hitzartu zuten, %15eraino. Jaurlaritzaren eskaria izan zen, eta Madrilek onartu egin zuen, autonomia erkidegoei zorraren zati bat barkatzearen truke. Jaurlaritzak eskuak libre izan nahi zituen AEBek abiarazitako merkataritza gerrak eragin zitzakeen ondorioei aurre egiteko eta enpresen errotzea bermatzeko, besteak beste. Bada, orduan adostutakoa idatziz jaso dute gaur.

Kupoaren negoziazioa

Bileran beste akordio batzuk ere onartu dituzte. Nagusiena da 2024ko eta 2025eko kupoaren behin betiko kopuruak zehaztu dituztela. Hurrenez hurren, 1.735 milioi eta 1.464 milioi eman beharko dizkio Jaurlaritzak Espainiari bereganatu gabeko eskumenengatik. Behin-behineko kopurua finkatuta daukate bi administrazioek, baina Estatuaren gastuaren arabera handitu edo txikitu egiten da urtero.

Bost urtean behin berritzen da oinarri hori, eta gaur egun indarrean dagoena datorren urtean eguneratu beharko litzateke. Bada, EAEko administrazioetako ordezkariek jakinarazi dute lehen hartu-emanak hasi dituztela 2027-2031 bosturtekoari dagokion metodologia negoziatzeko. Hain justu ere, lehen bilera Aste Santuaren aurretik egitea hitzartu zuten lehendakariak eta Sanchezek.

Horrekin batera, EAEko administrazioek osasunaren arloko ezohiko prozeduretan ere parte hartzea adostu dute. Guztira zazpi milioi euroko ekarpena jasoko dute osasun mentaleko edo suizidioa prebenitzeko ekintza planengatik. Irailaren 30a baino lehen beste bilera bat egiteko konpromisoa ere hartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!